David Karba
David Karba

"Entzungor egin, lehendakari jauna"

2020/12/21
Aurretik aipatu izan dudan bezala, gure gobernuak pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiak sektore asko aurretik eramaten dituen sasi-garbitzeko makina baten antzekoak dira.

Neurri horien artean dago “profesionalak ez diren” musikarien entseguak bertan behera lagatzearena. Euren iritziz profesionala izatea zer den jakin nahiko nuke; kotizatzen dutenak dira profesionalak? Eta kotizatzeko aukerarik izan ez badugu? Alor horretan bidea egiten ahalegintzen ari garen pertsonak bagara? Zer egin dezakegu, lehendakari jauna?

Etsigarria da, benetan, mila ate jo behar izatea entseatzera joateko baimenak lortzeko, kontzertuak programatuta edukita (guzti-guztiak ordutegi- eta segurtasun-neurri berrietara egokituak), eta inork ez jakitea erantzuten. Zorte pixka batekin, kontzertu egunean joan-etorrirako baimena lor dezakezu agian. Bitartean egunak aurrera doaz, data gerturatzen doa eta entseatu ezinik jarraitzen dugu, lana ahal dugun moduan eginez, txandaka edo arau bat edo beste hautsiz; eta, ez kotizatzeaz gainera, 600 euroko isuna jasotzeko arriskua dugu.

Jakina, gure gobernuarentzat musika eta kultura ez dira lanbideak, zaletasunak baizik. Hori argi genuen pandemia aurretik ere eta orain guztiz baieztatu dugu. Ez ikusiarena egiten jarraitu eta Gabonak salbatu itzazue, ‘Hiri kulturalaren’ kontuarekin dominak paparrean jarriko dituzue komeni zaizuenean, oso ondo dakigu kontua zein den.