David Karba
David Karba

Free energy

2025/06/13

Ekainak 9, astelehena, goizeko 9:37: orain dela egun batzuk hemen idazteko proposamena jaso nuela gogoratzen dut. “Burua zuri daukat orain bertan, baina okurrituko zait zerbait”.

9:34: Lanean nago, baina tarteka lerro batzuk idatzi ditzaket. Momentu horretan, aurreko zapatuan 17. Andoaingo Rock Jaialdian ezagutu nuen Dummy talde kaliforniarraren ‘Free energy’ diskoa entzuten da bluetooth bozgorailuan.

9:56: Burua Nafarroa Plazan daukat, flipatu egiten baitut jendez lepo zegoela gogoratzerakoan. Kontzertu guztietan ikusten dituzun aurpegi ezagun asko, koadrodun alkandorak, Pixies eta Sonic Youth taldeen kamiseta guapoak, eszenatoki gainean gertatzen zena arreta handiz jarraitzen zuten gizon eta emakume despistatuak, balkoian dantza egiten zuen bat edo beste, seme-alabak gainean zeramatzaten gurasoak (belarrietarako kaskoak euren burutxoak baino handiagoak ziren, eta horrek irribarrea sorrarazten dit beti)… Hori da herriarentzat egiten den doako jaialdi baten laburpen perfektua. Txosnak ikustea besterik ez zegoen. Bertan, herrian aldaketak eragin nahi dituen 16 urteko neska eta horrelako ekintzetan urte askoan militatu duen amama batzen ziren. Hain zuzen ere, 17 urte daramatza jaialdi horrek.

Niretzat aurtengoa izan da lehen aldia. Sasoi honetan beti dago gauza asko eta aukeratu beharra dago. Oraingoan ere ez da erraza izan, beste momenturen batean joateko zalantzarik izango ez nukeen beste lau ekitaldi zeudelako, baina ondo aukeratu nuela uste dut. Pena izan zen goizeko kontzertuetara ez iristea, Lukiek eta Marte Lasarte bezalako taldeek jo zutelako. Hori bai, nire bizkarrak eskertzen du.

10:24: EZEZEZ taldearen ‘Kabakriba’ abestia entzuten da orain bozgorailuan. Talde horrek puntualtasun osoz zabaldu zuen 18:00etan eszenatoki nagusia eta eguneko ikuskizun onenetako bat eskaini zuen. Euren atzean pantaila bat zuten, taldeek ikus-entzunezkoak jartzeko aprobetxatu zutena, baina bilbotarrek Palestinako bandera jarri zuten kontzertuaren hasieratik amaierara arte. Euren atzetik Amor Líquido talde madrildarra etorri zen, Primavera Sound jaialditik zuzenean etorrita, eta ondoren Holiday Ghosts britaniarrak, The Black Wizards portugaldarrak, lehen aipatutako Dummy kaliforniarrak (hauek ere Bartzelonako jaialditik zuzenean etorri ziren) eta, azkenik, New Yorkeko A Place To Bury Strangers taldea aritu zen. Publiko guztiak ez zion eutsi euren proposamenari, baina beste batzuek dena eman zuten. Gitarrak hegan eta energia askea Donostian ere entzun zen zarata zoragarriarekin. Zoro batzuk, modurik onenean, anplifikadorearen eta bateriaren zati batzuk eszenatokitik atera eta plazaren erdian jarri zutelako, zarata horrekin hemen inguruan inoiz ikusi den ikuskizun ausartenetakoa eskainiz.

Puntu negatibo bakarra The Black Wizards jotzen ari zen bitartean bi lagunen arteko borroka izan zen, beti dagoelako memeloren bat. Zorionez, berehala desegin zen eta argi geratu zen horrelako jarrerak jokoz kanpo daudela. Plazako inor ez zen euren ikuskizun tamalgarria ikustera joan.

11:07: A Place To Bury Strangers taldearen ‘Exploding Head’ entzuten da orain bozgorailuan eta pentsatzen dut zoragarria izango litzatekeela Untzagan doako jaialdia egitea Euskal Herriko, estatuko eta nazioarteko taldeekin, eta bizilagunak horregatik ez eskandalizatzea, Legarreko musikarien elkartearekin antolatu genuen ikuskizunean bezala, non Satan gurtzea leporatu ziguten.