David Karba
David Karba

"Palomitak"

2021/11/14
Zinean palomitak jatearen kontu honekin eta gaur bertan, testua idazten dudan bitartean, janari eta edarien kontsumoa debekatzeari dagokionean Justizia Auzitegiak gure lehendakari errukitsuari arrazoia eman ondoren, Coliseo antzokian pentsatzen jarri naiz eta pentsatu dut horrek guztiak ez duela arazo erantsirik ekarriko Eibarko publikoarentzat, arau hau indarrean dagoelako 2007an antzokia berriz zabaldu zenetik.

Hau esanda, zinera joatea zaildu egiten didaten beste arrazoi batzuk ditut. Pelikula euskaldunen bat edo denbora-pasarako tradizioa izatearekin apurtzen duen blockbusterren bat kenduta, orokorrean oso eskaintza gutxi dago zine independentea ikusteko. Baina badago bereziki haserrea sortzen didan beste zerbait: Euskal Herrian oso alternatiba gutxi dagoela pelikulak bertsio originalean ikusteko. Beste autonomia erkidegoekin alderatuz, emanaldiak nuluak dira edo ezorduetan, eta orokorrean Bilbo edo Donostia bezalako hirietan, horrek dakarren gastu estrarekin.

Badaude salbuespenak, Ermuako Antzokiaren kasuan bezala, non eguenero, 20:30ean, zine-kluba dagoen. Gogoratzen dut 2007. urtearen inguruan Unira joaten ginela pelikula batzuk ikustera edo, denboran hurbilago, urtero hainbat herritatik pasatzen den Mendifilm jaialdira joatea, eta Asier Errasti Film Laburren jaialdira ere. Badaezpada eta informazio faltagatik hanka sartzeko beldurrez, Google lagunari galdetu diot eta Eibarren egindako azken zine-kluben erreferentziak 2011. edo 2012. urteetakoak dira. Pentsatzen dut gehiago programatu ez badira, funtzionatu ez dutelako izango dela. Beti geratuko zaigu zinea etxean ikusteko aukera, gaur egun dauden aukera guztiekin eta inork palomitak jatea debekatu gabe.