David Karba
David Karba

"Vivalaguerra"

2022/02/21
Errusia, Ukraina edo AEB aldetik gerra doinuak entzuten ditugun honetan, ‘Standstill’ talde kataluniarraren disko batekin gogoratu naiz. ‘VIVALAGUERRA’ da bere izenburua eta edukiak zerikusi gutxi du lurralde batengatik egiten den gerra politiko batekin. Azken finean, musika talde batek aurrera egiteko egin behar duen gerrari buruz egiten du berba eta, hain zuzen ere, taldea mundu guztiaren ahotan jarri zuen albuma izan zen, barne arazoen ondorioz taldea desegiteko zorian egotetik denbora gutxira.

Horrelako gauzak gertazen dira: batzuek hiltzeraino egiten dute proiektuaren alde, beste batzuk beste norabide batean doaz, batzuek motibazioa galtzen dute eta taldea uzten dute. Hortik aurrera bi gauza gertatu daitezke: indartsuago bilakatzea edo saiakeran hiltzea. Azken bi urteak bereziki zailak izan dira musika taldeentzat: entseatzeko arazoak, jotzeko arazoak, kontzertu atzeratuak edo bertan behera geratzen diren kontzertuak, publikoa eserita, aforoek eta murrizketek baldintzatutako ekonomia… Azken neurrian, ilusioarekin amaitu dezakeen zoramena.

Beste banda handi bat ikustea gogoratzen dut, Bilboko Vulk taldea, Gasteizeko Jimmy Jazz aretoan, publikoa eserita, eta zera pentsatu nuen: “Arraioa, zeinen gogorra izan behar den eurentzat”. Batzuek esango dute okerragoa dela kontzerturik ez jotzea, baina talde batzuk ezin dira direna izan publikoaren interakzio eta konplizitate barik, hori horrela da. Orain dela bi aste estatu guztian zehar eramango dien bira hasi zuten, eta areto askotan eta jaialdi ospetsuetan joko dute editatu berri duten diskoarekin (Vulk ez da), gauzak ondo.

Testu honek pandemiaren ondorioz bidean gelditu diren taldeen omenaldi txiki bezala balio dezala eta, noski, baita indartsuago atera direnentzat ere.

“Y un aplauso… ¿Salimos o no, seguimos o no?” – La mirada de los mil metros (Vivalaguerra, 2006)