Iñaki Ugarteburu
"Erakunde publikoen etorkizuna"
2018/03/04
XX. mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan, autonomia-estatutuaren garapenarekin batera, Eusko Jaurlaritzan, foru aldundietan eta udaletan langile asko sartu ginen. Aurretik ematen ziren zerbitzuei (hirigintza, obrak, segurtasuna-udaltzaingoa, dirubilketa, etab.), gehitu egin zitzaizkien hezkuntza, euskara, kultura, kirola, gazteria, gizarte eta osasun zerbitzuak... Orokorrean nahiko fama txarra izan dugu funtzionariok, baina nik, behin baino gehiagotan, lagunen arteko bazkari zein afarietan, behargin publikoen lana defenditu dut, nire ustez orokorrean kalitatezko zerbitzu publikoak ditugulako, eta nik ikusi ditudan langile gehienen partetik inplikaziomaila altua izan delako. Eta ia konturatu barik, lanbizitzaren zati nagusia pasatu zait eta nire burua ikusten dut sarri lagunen artean jubilazioaz berba egiten. Behargin publiko asko jubilatzen hasita daude, eta prozesuak hasi besterik ez du egin. Ditxosozko krisia ahaztutzat ematekotan gaude, eta laneskaintza publikoak ugaritzen hasi dira; Osakidetzan, Hezkuntzan, Ertzaintzan, aldundietan zein udaletan laneskaintza garrantzitsuak egiten ari dira. Eta nik kezka handia darabilt buruan: Zein motatako zerbitzu publikoak behar izango ditugu etorkizunean? Zenbat lagun eta zer funtzio bete behar izango dituzte? Gizartearen geldiezineko bilakaera, informatika, ekonomiaren garapena, jaiotze-tasa eta abar kontuan izanik, erronka berriei aurre egin beharko diete etorkizuneko erakunde publikoetatik, eta horretarako HAUSNARKETA SAKONA BEHAR-BEHARREZKOA DELA USTE DUT, kalitatezko eta neurrizko zerbitzuak izateko. Beharbada, nik horren berririk izan gabe badihardute zerbitzu publikoen etorkizuna planifikatzen... Ea hala den!