Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Eskola Kirola. Ereduaren berrikuspena"

2017/12/18
Asko hitz egiten da Eskola Kirolaren inguruan, 25 urte bete direlako Gipuzkoako eredua martxan jarri zenetik. Foru Aldundiak honako helburu hau planteatu zuen: eskola-adineko haur guztiek kirola egiteko aukera izan zezaten lortzea.
Egun Gipuzkoako haurren %80ak parte hartzen du programan, ez dira guztiak eta hobetzeko aukera dago, baina asko dira.
Beste hainbat helburu ere planteatu ziren: kirol guztiak guztiontzako, eta kirol aniztasuna errealitate bat da gure lurraldean, berdintasuna, elkartasuna, esfortzua eta baloreak sustatuz. Esan dezakegu gure kirolaren osasuna ona dela, besteak beste Eskola Kirolaren ereduari esker ere bai.
Beharbada ezagutzen dudan eredurik onena da. Urte hauetan aldatzen joan da, eta oraindik ere egokitu beharra dago. Modalitate batzuk Eskola Kirolaren arauetatik kanpo funtzionatzen dute, beste batzuk ez dute errespetatzen araututakoa…
Eskola Kirola hobetu daitekeela garbi dut, zailtasunak zailtasun; Jaurlaritza,  Aldundiak, Udalak, Ikastetxeak, Gurasoak, Federazioak, Haurrak, denon artean hobetzeko erronka dugu, baina helburuak ahaztu gabe, indarrean baitaude nire ustez.
Azaroaren 24an, Arrasaten, kirol eta hezkuntza munduko  100 eragile inguru  bildu ginen  hiru erkidegoetako  Aldundiek etorkizunerako dituzten asmoak ezagutzeko,  eta baita Euskoa Jaurlaritzak berriztu nahi duen Kirolaren legean egin daitezkeen moldaketak proposatzeko. Saioa benetan interesgarria izan zen, eta hurrengo urteetan, Eusko Legebiltzarrean  eta Foru Aldundietan hartu beharko diren erabakietarako proposamen ugari atera ziren.
Beste kontu bat da, eskola kirola dekretu bakarra izanda, hiru lurraldeetan egiten diren interpretazioen arteko desberdintasunak. Eta nik galdetzen dut, benetan kaltegarria da lurraldea bakoitzak bere eredu propio izatea, beti ere dekretuak dioena errespetatzen bada?