Tomas Vouilloz
Tomas Vouilloz

Ez ahaztu garbigailua jarri duzula

2024/09/27

Hil baino lehenago, azken segundoan, bizitza osoa begien aurretik pasatzen omen da. Ea hori nork esaten duen, nola jakin daitekeen eta abarreko hutsune logikoak alde batera utzita, nik galdetzen dudana da ea bizitzako une guzti-guztiak pasatzen diren, edo soilik laburpen bat, EITB-ko Kirolak-en bezala.

Sinesgarriagoa iruditzen zait bigarren aukera. Gure garunaren funtzionamendua optimizazioan oinarritzen delako eta dena, alegia, den-dena gogoratu behar izatekotan, ez dago inon muga jartzerik. Hori da J.L. Borgesen Funeseri gertatzen zaiona: hain da miresgarria bere memoria, ez diola ezta xehetasun batek ihes egiten, eta hainbeste informazioren behean ezin dela bizi. Geldi dago bera, itota, hainbeste argiren aurrean itsututa, eta besteengatik ahaztuta.

Har dezagun ontzat orduan bigarren aukera eta goazen gure bizitzak kimatzera. Egin ariketa hau eta konta iezaiozu zure buruari laburrean zure bizitza. Hainbat mugarri agertuko dira gaur arte egin duzun bidearen mapa zirriborratzen (nonbaitera iritsi beharko bazinen bezala). Niri bezala gertatuz gero, mota guztietako errito, arrakasta, porrot eta gertakarik erakutsiko dizute nondik doan bidezidorra.

Hara non, istorio ulergarri bat kontatzeko aitzakiarekin, ia nire bizitza osoa ezabatu dut. Nora joan dira jarri ditudan garbigailuak, eskegi dudan arropa dena, elkarrizketa zailak, goiari eutsi behar izan diodan une guztiak? Gorroto dut garbigailua jartzea. Ez dira atseginak elkarrizketa zailak, jaso eta eman behar diren bronkak… Zerbait lortu izanaren arrakastak azkar itzaltzen du bertara iristerainoko esfortzua.

Hil arte ez dut jakingo nola izango den azkeneko flash hori, baina bizi naizen bitartean, neure buruari gogorarazi behar diot ez ahazteko maite ditudanak eta neure burua zaintzen eman dudan denbora gehiengoa dela. Ikusten naiz, espero hemendik urte askotara, nire azken arnasan, bizitza osoan jarri ditudan garbigailu guztiak eskegitzen, bata bestearen atzetik. Hori baldin bada bizitza habitagarriago bat bizitzeko prezioa, prest nago ordaintzeko.