"Funtsean, bide laburra da"
Gari polikiroldegira bidean dago, edo entsegura bidean, edo partikularrera, edo [bete hutsunea], gogoeta hauetan murgilduta dagoelarik. Dagoeneko, ez da oso gai egun eskasak beste egunetatik bereizteko.
Halako batean, plast! Hiruzpalau tanta ilun hasten dira behetik gora. Begiekin jarraitzen ditu. Hankaz gora dagoen mundu bateko euri beltza dirudi. Une batez eten egiten dira tantak, airean flotatzen. Hain arinak dira, loturarik gabe. Baina azkar bukatzen da lilura. Grabitateak mundu hau bere lekura itzultzen du, eta putzuaren tantak, putzura. Gehiengoak, ordea, Gariren kontra jo du eta galtza bakeroetako telak azkar xurgatzen ditu arrasto laiotz bat utziz. Galtzerdia hasi da ura xurgatzen. Garik bere oina irudikatzen du zingira sorgindu batean hondoratuta.
Kalean gora doala, muturluze, benetan sorginduta dagoen galdetzen dio bere buruari. Izan ere, gutxienez astean behin zapaltzen du baldosa-putzu faltsua, aldez aurretik non dagoen jakinda ere! Every day things are getting worse.
Honaino, zu, Gariren pareko. Errutina maitia: aska gaitezan lehen baino lehen. Gariri hor konpon. Baina zuk, igerian zaudela, korrikan, yogan, klasean edo [bete hutsunea], ezin duzu ihes egin. Ardura gehiegi dituzu. Txapelketa, partidua, liga, ikasketak, lana, gurasoak, bikotea, seme-alabak, diru gutxi, denbora gutxi, opor gutxi, afaria zain, norbait zain, afaria egiteke, zain egongo den norbait bilatzeke, eta abar luzea eta bizitza laburra.
Haserrea igotzen zaizu. Putzu ziztrin hori datorkizu burura eta gainean salto egiten irudikatzen zara behin eta berriro. Mundua hankaz gora. Ur jauzi beltz bat behetik gora. Hondamendia. Hau betazaletatik barrura. Kanpotik, ordea, motxila ixten, lasai. Arratsalde on, zer moduz, zenbat denbora (atzo). Hotel Unzagako harreragilearen aurpegiarekin, hain goxo.
Norbaitek ordaindu behar du. Zoaz ba, etxera, bide luzetik. Galtzadarri ergel horrek gaur ez zaitu ikusiko.