USTE(L)KERIA
Oso biralak egin dira Maria Pombo-ren hitzak liburuen harira. Testuingurua emango dut norbaiti iritsi ez bazaio. Itzulpena nirea da. Ez da literala, baina zentzua hartzeko balio du. Dena den, hoberena bideoa bilatzea da itzulpenak eragin dezakeen zalantzak kentzeko:
Mariak objektu batzuekin apaintzen du bere etxeko pareta, liburutegi bat dirudiena. Norbaitek idazten dio politagoa legokeela pareta irakurritako liburuekin apainduta, tramankuluak baino ez daudela orain. Orduan, Maria bere erantzuna ematen hasten da, polemika aurreikusiz: "Banoa esatera… Uste dut badela ordua gainditzeko badagoela irakurtzea gustoko ez duen jendea, eta irakurtzen duzuenok, gainera, ez zarete hobeak irakurtzea gustoko duzuelako".
"(...) Denok irakurri dugu noizbait, batzuei gustatzen zaie, eta beste batzuei ez. (...) Nire ahizpa ere influencerra da eta liburuak irensten ditu; batzuetan badirudi influencerrek orokorrean ez dugula irakurtzen. Beste ahizpa pilotua da eta uste dut ez duela liburu bat bera ere irakurri bere bizitza osoan. Interesekoak diren gauzak irakurtzen ditut, gai horren inguruan zehazki, baina ez dut liburu bat hartzen eta istorio bat irakurtzen ohean, eta ez da ezer gertatzen". Eta bukatzeko, ideia nagusia berriro, emandako argumentuen babesaz gozatuz: "Gainditu beharra dago: mundu guztiak ez du irakurtzea gustoko".
Titularrak puntuan dagoen melokotoi bat baino mamitsuagoak dira. Nork ez du nahiko hozkada literario bat eman? Ba kontuz, sagar ustela da.
Maria jende askoren bizipenaren bozeramaile da: irakurtzea gustoko ez izatearen konplexua kendu nahi du gainetik. Sagar ustela: bere aldarria liburuen kontra dela ulertzea. Ez. Bere aldarria pedantekeriaren kontra da. Liburu batek ematen dituen aukeren artean, ez dago beste edonor baino hobeagoa egingo zaituenik. Zarena baino sakonagoa egin zaitzake, akaso. Dena den, liburua ez da bide bakarra.
Nekatuta ikusten dut, ez dimititzeko bezainbeste, Influencerren ospea eramateaz, azalekoa izatea eta funtsik gabekoa. Baina berak badaki sakontasuneko gauzak zenbat eta argi gutxiagorekin begiratu orduan eta intimoagoak direla. Begiek denbora asko behar dutela ohitzeko. Abiadurak, fokuek eta flashek bazter lanbrotsuetako bizitza uxatzen dutela, eta beste munstro batzuei deitu.