Tomas Vouilloz
Tomas Vouilloz

"Ur hotzezko pitxer bat"

2023/12/18
Errealitatea ispilu zehatza da edonorentzat. Kontua da denok ditugula guregan ilunpean mantentzen ditugun alderdiak. Arrazoi ugari eman daitezke, baina funtsean bi dira: erosotasunera hurbildu eta deserosotasunetik alde egin. Eroso egoteko esfortzu handiak egiten ditugu, nahita eta nahigabe, gure irudi osoa zatikatzen eta onartzen ez ditugun zatitxoak kamuflatzen.

Barnean ditugun itzal deserosoekin topo egiteak errua dakar, eta ez da atsegina. Orain zintzotu zure buruarekin eta pentsatu zenbat gauza egiten dituzun erruduntasuna arintzeko. 1) Juergan irtetzen zarenean nahiz eta zin egin duzun ez zinela liatuko, edo 2) telefonoarekin denbora arduragarri bat daramazunean kaka digitala jaten, edo 3) zure harreman esanguratsuetan ondo zaudela antzezten duzunean, ez molestatzeko… Errua nonahi.

Nola da posible, borondatez, norbere buruaren kontra doan jarrera hartzea? Agian, kontzienteki nahi duguna eta benetan nahi duguna ez dira gauza bera. Kontraesan hauek justifikatzeko aitzakiak eraikitzen trebeak gara.

Erosoagoa da errudun sentitzea 1) lagunek liatu nautelako, edo 2) ez dudalako galdu nahi hortik gertatzen ari dena, edo 3) arazoak ekiditzen ditudalako. Ez hain erosoa, ordea, esatea 1) juerga behar dudala bizirik sentitzeko, edo 2) nire bizitzako hutsuneak betetzen ditudala edozer gauzarekin, edo 3) garrantzia kentzen diodala nire sentimenduei traba bat sentitzen naizelako.

Agian, nahiz eta kamuflatu, gure zati ukatuek bueltaka diraute, beren islada garratza jaurtitzen. Erosotasuna bilatzen dugu osotasunaren truke. Asko ukatu beharra dago, ordea. Nortasunaren zati handiegi bat… ez dakit ni izaten jarrai daitekeen hau eta gero. Ez dakit ni izaten eroso egon naitekeenik… Zenbat erruduntasun, e? Hau al da bilatzen ari ginen erosotasuna?

Errua denaren eta izan beharko lukeenaren arteko zauritik isuritzen da borborrean. Errua odola bezala da: denok daukagu, min hartzean ikusten zaigu, eta ur hotzezko pitxer batekin garbitzen da.