Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Glutena"

2016/09/30
Denok ezagutzen dugu glutena jateari utzi dion norbait bere osasunean onuraren bat lortzeko asmoarekin. Glutena gure gaixotasun edo osasun arazo askoren errudun bilakatu omen da azken urteotan. Baina honek oinarri zientifikoren bat dauka edo moda besterik ez da?
Hasteko esan dezagun glutena, gari, zekale, garagar eta beste zenbait zerealetan dagoen proteina bat besterik ez dela. Gizakiak zereal hauek duela milaka urtetatik kontsumitzen ditu, eta bere dietaren oinarri izan dira gainera. Beraz, glutenak gizakiarekin kontaktuan denbora asko daramala esan dezakegu. Zeliakoek, aldiz, glutenari alergia diote. Beste alergia mota batzuetan bezala, gorputzaren defentsek glutenaren aurka egiten dute gure etsai izango balitz bezala. Alergia hau izateko arriskua gure geneetan idatzia dator.
Kalkuluen arabera Europan biztanleriaren %1 da zeliakoa. Galdera erraza da beraz; zergatik uzten dio hainbeste jendek  glutena  jateari orduan?
Nire ustez bi arrazoi egon daitezke. Batetik, zeliakoen %75 diagnostikatu gabe dagoela kalkulatzen da. Eta bestetik zeliakiak sortzen dituen sintomak era askotakoak izan daitezkeela; buruko mina, azal arazoak, depresioa, beherakoa, minbizia etab. (http://www.celiacos.org/enfermedad-celiaca. html). Horrek glutena gure osasun-arazo askoren erantzule izan daitekeela pentsarazten digu.
Guzti honek moda bat sortu du. Eta negozioa. Gehienok ez dugu inolako arazorik glutenarekin, baina glutenik gabeko produktu garestiak kontsumitzen ditugu gure osasunarentzat hobeak direlakoan. Gehienetan inongo beharrik gabe. Elikadura arloko enpresak horretaz ohartu dira eta glutenik gabeko elikagaiak gero eta ugariagoak dira.
Zorionez, gaur egun merkatuan prezio oneko test genetikoak agertzen ari dira zeliakia era erraz eta fidagarri batean diagnostikatu ahal izateko.