Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Gosaria, eguneko otordurik garrantzitsuena"

2017/11/20
Ba ez, ez da horrela. Milaka aldiz entzungo genuen gure bizitzan esaldi hori, eta guztiz barneratua izango dugu bai, baina ez da egia. Orain esango didazu elikaduraren munduan inoiz ez dagoela asmatzerik. Oliba olioa lehen txarra zela, orain aldiz onena; arrain urdina kaltegarria zela, eta orain osasuntsua; esnea orain dela gutxira arte ezinbestekoa zela, eta orain batzuen esanetan ia pozoia; ogiak asko gizentzen zuela, gero ezetz, eta gero berriro baietz... etab. Arrazoi duzu, ez dago asmatzerik.
Honen errudunak neurri handi batean gu gara, edonoren hitzei kasu egiten diegulako, baina erantzukizun handiena elikagai-industriarena da, nahi duen ideia gure buruan sartzeko gaitasun handia baitauka. Alde batetik publizitateaz baliatuz eta beste alde batetik ikerketa zientifikoak babestuz eta hauen emaitzetan eraginez.
Eta hemen hasierara bueltatzen gara, nork sinestarazi digu gosaria eguneko otordurik garrantzitsuena dela? Elikagai-industriak. Zer dio zientziak honen inguruan?  Gosaria ez da otordurik garrantzitsuena, gosaltzea ez da ezinbestekoa eta ez dago gosari idealik.
Dena dela ideia bat argi utzi nahi dizut, gosaria otordurik garrantzitsuena izango balitz ere, guk eguneko otordurik kaltegarriena bihurtzen dugu gehienetan. Zergatik? Industriak “gosarirako bereziki” diseinatu dituen elikagaiak jaten ditugulako, eta hor ez dagoelako aukera osasuntsurik. Kakaoa, gailetak, zukuak, “gosarirako” zerealak... denak azukre pila batekin, gantz kaltegarriekin, irin finduekin... a ze kontraesana.