Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

Gosearen harriak

2025/01/17

Azkar ahazten ditugu ezbeharrak gizakiok. Eta are azkarrago norbere azalean sufritu ez ditugunean. Nahikoa dira pare bat belaunaldi, gure ahaideek pairatu edo eragindako sufrikarioak gure memoriatik ezabatzeko. Nahikoa dira urte batzuk, gure asabek emandako aholkuei entzungor egin eta berriro ere erabaki okerrak hartzeko. Eta hala, gizakion gaitasun oinarrizkoenetako bat berresten dugu: bi aldiz harri berean estropezu egitea. 

Gure ahanzturarako joera hori arintzeko sortu zituzten “Gosearen harriak”. XV. mende inguruan, Europa erdialdeko hainbat ibai bazterretan idatziz apainduriko harriak jartzen hasi ziren, uraren mailaren markatzaile gisan. Idorte handi bat heltzen zenean, mezudun harri hauek ibaiaren ibilguan kokatzen zituzten, lehorrak urari irabazitako tokian. Era horretan, urte batzuren buruan uraren maila berriro jaisten zenean, belaunaldi berriak aurrekoek jarritako harrietako mezuak irakurriko zituen. Eta jakingo zuten gosearekin lotutako zailtasunak pasa beharko zituztela.  

Elba ibaian dago gosearen harri ezagunenetako bat, "Wenn du mich siehst, dann weine" dio bere inskripzioak: “Ikusten banauzu, negar egin”. 

Gaur egun, ez dugu harririk behar eskuin muturrak XX. mendean eragin zituen triskantzak gogoratzeko. Eskura ditugu hezkuntza publiko, liburu, hemeroteka eta abarrak. Baina munduko herrialde garatuetako azken hauteskundeen emaitzak ikusita zalantzak sortzen zaizkit. Nago, jende asko, harri batekin kaskarrean jota ere, ez dela ohartuko sortzen ari diren munstroaz.