Jon Mikel Mujika
Jon Mikel Mujika

"Hondoratuta"

2023/04/24
Aste Santuko oporretan Ozeano Atlantikoko itsas bizitza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen. Azoreetako Pico uhartearen hegoaldeko Lajes izeneko herrixka batetik abiatuta, hiru ordu inguruko osteratxo bat egin genuen txalupa txiki batean.

Irten eta berehala, itsasertzetik apenas urrundu gabe, lehen itsas animaliak ikusten hasi ginen. Izurdeak. Lehenengo bat, gero beste bat… konturatu orduko gure ontzia uretako ugaztun jostari horietaz inguratuta zegoen. Bertako gidak kontatutakoaren arabera, gure inguruan jauzika zebiltzan izurde haiek talde handietan elkartzen dira, oso animalia sozialak dira eta gustuko dute ontzietara hurbiltzea. Eta bai, hala zen, ontziari bueltaka, uhinetan jolasean, guztiz lotsagabe aurkezten ziren gure aurrean.

Izurdeak alde batera utzi eta irteerako helburu nagusia zenaren bila abiatu ginen, baleak. Ur azpiko mikrofono antzeko gailu bat erabilita oso era azkarrean kokatu zituen gure gidak gugandik oso urrun ez zebilen balea baten soinuak. Bertara gerturatzen ari ginela kontatu zigun, balea espezie hark 50 minutu inguruko murgilaldiak egiten zituela. Ur azalean 5 minutu inguru besterik ez omen dituzte pasatzen balea hauek arnasa hartzen eta berriro murgiltzen dira. 20 metro luze inguruko izaki hauek ur azalean ikusteko zortea izan genuen, ederra izan zen, baina oso denbora gutxi ikusi genituen. Balea bat ikusten genuen aldiro, segituan murgiltzen zen ur sakonetako ilunpeetara.

Balea hauen agerraldiek azken aldian euskarak gure herrian bertan sufritu dituenak ekarri zizkidan gogora. Lan publikoetarako euskara eskakizunak piska bat zorrozten hasi orduko, han non agertu den “justizia” esanez gehiegizkoak direla, euskara berriro ere ilunpera Euskal Herriko itzulian, euskal talde bat, euskal telebistan, euskaraz hasi eta hara non hasi den kazetari espainiar bat gaztelera jatorrean egiteko eskatuz, euskara berriro ere hondora.

Iritsiko ote da euskara, bere herrian, izurde jostariak bezala aske eta lotsagabe ibiliko den eguna?