"Primaderako liliak"
Ba bai, halaxe nabil ni duela egun batzuetatik hona. Etxeko atea ireki eta … “Gaituzte ezkontarazi, maite ninduzun hain gutti…”. Kotxean sartu eta … “Ezkontarazi gaituzte, ez zintudalarik maite”. Korrika egitera irten eta “Gaituzte ezkontarazi …” dutxan sartu eta “Ezkontarazi gaituzte …”. Astebete pasa daramat Benitoren doinuan, Primaderako Liliak kantatzen. Egoerak ia gogaitzeraino eraman nau momentu askotan, baina bi aldiz pentsatuta, gaitz erdi! Okerragoa izan zitekeen. Euskal kanta mitiko honen ordez izan zitekeen La Macarena edo El Tiburón. Lertxundiren melodiarekin behintzat, kalean inkontzienteki txistukatzen hasten banaiz, ez nau inork epaituko. Ni nirera, “Gaituzte ezkontarazi …”.
Kantuari hainbeste buelta eman ondoren, hitzek ia esanahia galdu dutenean, orduan hasten zara abestiari zentzua hartzen. Eta hasi naiz pentsatzen norekin gauden gogoz kontra ezkonduta, maite ez dugun zeri gauden lotuta. Eta etorri zaizkit burura Euskal Herriari tokatu zaizkion ezkontideak. Eta konturatu naiz Espainia eta Frantziara lotu gintuztenean, hemen ere ezkilak isilik zeudela. Eta orain, Mixel Labegerie-ren abestiak amaieran dioen bezala, “elgarrekin behar bizi…” “ … behar dugu elgar maite” dioskute. Ez dakit ba…