Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Gripearen txertoa"

2016/12/02
Urriaren 17an hasi eta abenduaren 17an bukatuko da aurtengo gripearen aurkako txertatze kanpaina. Beraz, egun gutxi batzuk geratzen zaizkizu oraindik txertoa behar izanez gero. Txertoa 65 urtetik gorakoei, diabetesa edo beste gaixotasun kronikoren bat dutenei, emakume haurdunei eta osasun langileei zuzendua dago. Txertatzea benetan erreza da, nahikoa duzu zure osasun zentrora deitu edo joaterekin eta bertan emango dizkizute argibide guztiak.
Arrisku talde hauetan ez bazaude eta txertoa alde batera utzita gripea edota katarro arrunta ekidin nahi badituzu, badaude hartu ditzakezun neurri xinple batzuk.
Alde batetik, elikadura zaintzea. Hotza etortzearekin batera, jende askok entsalada eta fruituak jateari uzten dio. Jarrera horrek behar ditugun mikro-elikagai guztiak bermatzea zailtzen du. Garrantzitsua da barazki gordin eta fruituak urte osoan jatea gure defentsak indartsu mantentzeko. Zereal integralek ere defentsetarako hain garrantzitsuak diren B taldeko bitamina asko emango dizkigute.
Beste alde batetik, higienea zaindu. Eskuak garbi eduki, ahoa zapi batez estali eztula edota doministiku egiterakoan, edalontziak ez partekatu, etab. Neurri txiki hauek oso eraginkorrak dira gripea edo katarroak ekiditeko.
Bukatzeko, badira sistema immunologikoaren bizigarri diren  konplementuak ere. Etxinazea, propoleoa, homeopatia edota aromaterapia lagungarri izan daitezke gure osasuna zaintze aldera.