Gurea, Euskal Selekzioa
Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa jokatzen ari den honetan, askok futbolaz hitz egiten dute. Nik, ordea, futbolaz baino gehiago, ordezkaritzaz hitz egin nahi dut. Argi daukat nazioarteko kirol-lehiaketak ez direla kirola soilik: nortasuna dira, ikurrak dira eta, nahi ala ez, politika ere badira.
Askotan entzun izan dugu kirola politikatik kanpo utzi behar dela. Baina Munduko Kopa batean bandera bakoitzak estatu bat ordezkatzen du, ereserki bakoitzak nazio bat eta selekzio bakoitzak nazioarteko aitortza jakin bat islatzen du. Horregatik, kirola eta politika bereizita daudela esatea errealitateari bizkar ematea da.
Eta hor dago, hain zuzen ere, auziaren muina. Euskal Herriak hizkuntza, kultura eta nortasun propioak ditu, baina nazioarteko kirolean ezin du modalitate gehienetan herri gisa lehiatu. Horregatik, euskaldun askorentzat Euskal Selekzioaren ofizialtasuna ez da kirol auzi hutsa; aitortzaren auzia ere bada. Jokoan dagoena gure herria munduan bere izenean ordezkatu ahal izatea da. Herri bat garen heinean, beste herriek duten aukera bera nahi dugu: gure koloreekin, gure izenean eta gure selekzioarekin lehiatzea.
Horregatik dira garrantzitsuak Zazpi Baietz, Gu ere Bai! eta Gure Eskuk sustatutako ekimenak, besteak beste. Ez dira futbolaren aldeko mobilizazio hutsak; gure herriaren nazioarteko aitortzaren aldeko aldarriak dira. Euskal Selekzioaren ofizialtasuna eskatzea ez da inoren aurka egitea, geure buruaren alde egitea baizik.
Ez dut beste selekzio batzuen garaipenak ospatzeko beharrik sentitzen. Nire nahia Euskal Selekzioa modalitate guztietako txapelketa ofizialetan ikustea da: gure koloreak ordezkatzen, gure hizkuntza entzuten eta gure herriaren izena mundura eramaten. Duela gutxi, Euskal Herriko ardi moztaileen selekzioak Zeelanda Berriko Munduko Txapelketan egin zuen bezala.
Herri bat garelako. Eta herri batek bere selekzioa merezi duelako. Gurea Euskal Selekzioa da.