Ane Urkiola
Ane Urkiola

"Hazi gaitezen, hasi [HANDIA FILMA]"

2017/10/27
Inoiz pentsatu al duzu zerk egiten zaituen artaldean desberdin? Zerk egiten zaitu handi, ahul, xarmangarri edo arraro? Esan ohi da gizakion erronkarik bortitzena egoera berrietara etengabe egokitzeko gaitasuna garatzea dela. Baita miserableena ere. Baina, itxura denez, hori omen da bizirauteko giltza.

Desafio hori dauka ardatz Aitor Arregi eta Jon Garañok Zinemaldian aurkeztu berri duten filmak. Istorioa modu gordin batean dago kontatua, gizatasun eta zintzotasun osoz, non mitoa eta errealitatea uztartzen diren. Historikoki XIX. mendean kokatzen da filma, Erregimen zahar eta berriaren gatazkak dirauten bitartean. Baserria VS. Hiria/mundua. Tradizioa VS. Modernitatea.

Gure protagonistak, Elizegitar anaiak, Altzoko baserri batean bizi dira miseria hutsean, baina familia giro “goxo” batean. Baina, halako batean eztanda egingo du euren ‘statu quo’-ak. Izan ere, anai nagusiak Guda Karlistara joan beharra dauka, aitak horrela erabakita, eta gaztea, aldiz, baserria zaintzen geratuko da. Gogorra da euren arteko lehendabiziko banaketa. Gogorragoa izango da ordea, gudaosteko garaia, Martinen begiradan irakurri daitekeen moduan. Bere anaia erraldoi bat bihurtu da eta berak bere identitatearen parte bat ere galdu du gudan. Fisikoa eta emozionala. Hazi egin dira biak.

Orduan, landa munduko pobrezia ikusita, bizirauteko, anaiaren zatartasuna merkantilizatzea otutzen zaie, munduan barrena erakutsiz, pailazo bat bailitzan, gainontzekoen plazeraren iturri, erridikulizazioaren prostituta, alegia. Supermerkatuko produktua, 'Talent Show' bateko panpina, duintasuna erabat galdu duen gizakia da Joaquin berria.

Baina road movie-ak aurrera egin ahala, protagonistak zein ikusleak konturatuko dira Martin Joaquinizatzen diohala eta Joaquin Martinizatzen. Bidaiak arimak fusionatuko baititu, harik eta euren gabeziak eta desberdintasunak onartu eta elkar maitatzen hasten diren arte. Ederra momentua. Izugarria da filmean zehar pairatzen duten transformazioa, arko dramatikoa. Hasiera batetik, gizartea aldatzeko gogoa dauka batak eta bestea, aldiz, inertziaren lagunagoa da. Baina inork ez omen du bere patua aukeratzen eta egoerak higatzen die arima eta gorputza.

Zineman esertzen zaren lehen unetik, Carrousel batean zehar zoaz mundutik bueltaka, geografia emozional eta fisiko batzuetan barrena bidaiatuz, biziz, gozatuz eta sufrituz. Hori guztia unibertsoari hain kutsu berezia ematen dion Pascal Gaigneren soinu banda zoragarriarekin. Berezia, oso. Narratibari dagokionez, metaforekin jokatzen dute oso modu elegantean, oso poetikoa izanik: bai bisualki eta ikus-entzunezko lengoaiari dagokionez ere.

Azken finean, anaitasuna da nagusi, hauskortasunak eta bakardadeak bultzatuta, arima bakarrean bilakatzen dira. Eurak euren hauskortasunean handiak dira, eta hori ez al da zoragarria? Hotzikarak sentitu nituen une askotan.

Filmaren mamia, xarma, magia, gakoa, giltza, indarra, edertasuna, pertsonaien begiratzeko moduetan dago. Ezer ez da kasualitatea eta begiraden arteko jokoa, are gutxiago.

Truffaut (Les 400 coups, L´enfant Sauvage), Chaplin edota John Forden eraginak nabarmenak dira filmean zehar. Azpimarratzekoak dira zuzendaritzaz gain, bereziki: aktoreen lana, soinu, argazki eta arte zuzendaritza, soinu banda eta aurrekontu txiki batekin hain ondo kudeatutako ekoizpena. Azpiegitura, lokalizazioak eta baliabideak ondo optimizatuz. Baina batez ere, niretzako, oso fina da, zuzendariek istorioa kontatzeko duten taktua, errespetua, zintzotasuna eta ausardia. Zorionak Aitor Arregi eta Jon Garaño!

Eibartarrok oso identifikatuta sentituko gara filmarekin, Eibar bere zatartasunean beti izan baita HANDIA, hots, Frankenstein industrial xarmangarria. Mundura egokitzen ere jakin izan dugu eskopeta, bizikleta eta josteko makinen bidez, besteak beste. Ikus-entzule, duda barik, zinematik irtetean, zerbait hazi zaizula igarriko duzu zure barrenean, istorioak eragin egin dizula, bada. Hazi gaitezen, hasi.