Ane Urkiola
Ane Urkiola

"Telefono-kabinak"

2017/03/24
Barixakua zen eta 5 urteko ilobarekineta bere lagun batekin nindoan kalean zehar. Halako batean ilobak, telefono-kabina bat seinalatuz, lagunari: "June, badakizu zer? Hori lehen deitzeko erabiltzen zeben, mobilik ez zekenian". Zur eta lur geratu nintzen, bat-batean, etorkizunetik agertutako izakiak baitziruditen. Guk hainbeste erabili dugun erreminta hura, di-da batean, dinosauriatu  egin zuten.

Gailu hau, deitzeko ez ezik, jolasteko eta aterpe gisa ere erabiltzen genuen.  Horrez gain, zineman ezinbesteko figura bat izan da: Nork ez du gogoratzen Hitchcock-en "The Birds” filmeko sekuentzia; txoriak eraso bizian datoz eta Melanie Danielsek telefono-kabinan babesten du bere burua, gotorleku gisa. Edo non aldatuko lituzke erropak Clark Kent Superman izateko? Eta zer esanik zinema beltzean: nondik deituko lukete gangsterrek gau euritsuetan?

Errealitatera bueltatuz, hainbat informazio-iturriren arabera, 2018rako ez da telefono-kabinarik geratuko. Hutsunea igarriko da gure kaleetako hainbat izkinatan. Izan ere, gezurra badirudi ere, orain dela urte batzuk, ilarak eta guzti egiten genituen kabinen inguruan, eta behin barruan egonda, erlojupeko deiak izaten ziren, poltsikoan zeneukan txanponen araberakoa. Kreditua amaituz gero, piiii batekin agurtzen zenuen beste aldekoa.

Egia esan, xarma berezia dute espazio hauek. Bai errealitatean eta baita fikzioan ere. Baina, gaur egun, kaleko apaingarri bat baino ez dira.  Azken finean, teknologian aurrera egin nahi badugu, telefono-kabinak ere bazterrean laga beharko ditugu viniloa edo kasettea bezalaxe. Baina erromantikoak garenok gogoan zaituztegu.