Ane Urkiola
Ane Urkiola

"Amataxun telefonu, txo!"

2016/09/30
“Tabernara sartu orduko, IATa pasa dio lekuari komunikatzaile gazteak. Ez, ez du hain modan dagoen Leipzig-eko atrezzoak txunditu. Ez du palet-ekin egindako mahai edota aulki bakoiti multzoak harritu. Bertako zerbitzarien bizar basatia ere ez da sorpresa, arren.
Eskanerra amaitu orduko, zurito bat eskatu du. Gozoa ala mingotsa nahiago duen galdetzean edozein erantzun du, ahopeka, urduri. Izan ere, oraindik ez daki entxuferik egongo ote den espazio berri horretan, eta ezin du bere ezinegona inolaz ere disimulatu.”
Egun, edozein senti daiteke deseroso segapotoan bateria barik geratzen denean, bai. Baina komunikatzaile batentzako dramatikoa izan daiteke, benetan diñotsuet. Oinarrizko erraminta bilakatu baita mugikor madarikatua. Bertan baitaude kontaktu, apunte, albiste, helbide, kamera, mikrofono, mezu, linea eta garun erdia. Gadget-en esku hura baino ezinbestekoagoa bihurtu da gailu multifuntzionala.
Baina ez ote ari gara ditxosozko erramintaren morroiak bilakatzen? Noraino kudeatu genezake, guk geuk, gure intimitatea? Nola izan erabilgarri estres larregi pairatu barik?
Gai al gara etengabeko estimulu digitaletatik at parean dugunari begietara begiratu eta kafe beroaz gozatzeko? Non geratu da hortik zehar, pista barik, galtzeko ideia erromantiko polit hori?
Konponbideak? Ugari eta asmatzear. Bien bitartean, lantzean behin, atxitxek gabon batzutan esan zidan moduan: ”Zertzuk dabizuz? Amataxun telefonu, txo!”