Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Olinpiar jokoak, Rio 2016"

2016/07/22
Lau urtetik behin, urte bisurtetan, Joko Olinpikoen parada izaten dugu. Nik txiki-txikitatik asko disfrutatu izan dut olinpiadekin. Nire gazte garaian -70-80 hamarkadetara arte-, erromantikoagoak izaten ziren, kirolari “ez profesionalak” bakarrik parte hartzen baitzuten. Seuleko 1988ko jokoen ostean, ikuskizunaren   eta negozioaren aldeko apustua eginez, atea ireki zieten profesionalei. Bartzelona 1992an, Juan Antonio Samaranch Nazioarteko olinpiar komiteko presidentea zenean, aukera izan genuen saskibaloi eta teniseko jokalaririk onenak ikusteko, nahiz eta profesionalak izan. Datorren hilean, boxeolari, errugbilari edo golf jokalari... profesionalek parte hartuko dute lehendabiziko aldiz Rion. Erromantizismoak galdu du, ikuskizunak irabazi. Geldiezina zen.
Ez litzateke batere gaizki egongo, antzinako Greziako Olinpiar jokoetan bezala, mundu mailako suetena izatea eta, sikiera, egun gutxi batzuetan, mundu osoan bakean bizitzeko aukera izatea. Zoritxarrez, uste dut larregi eskatzea izango dela.
Munduko kirolari onenen artean, ohikoa den bezala, euskaldun kopuru polita izango dugu, eta baita eibartar bat ere bertan: Markel Alberdi igerilaria, sari ederra egiten ari den lanagatik. Zorterik onena Markelentzako!
Disfrutatu!!!