Imanol Magro
Imanol Magro

"Jaiotze basatia"

2021/04/12
Pandemiak bizitza eta memoria lapurtu dizkigu. Nekatuta gaude, nabaritzen zaigu, nekatuegi efemerideei erreparatu eta behar bezala gogoratzeko. Egutegiak irentsi dituen data borobil horietako bat iragan martxoaren 1a izan zen, Su Ta Garrek ‘Jaiotze basatia’ lehen diskoa argitaratu zueneko 30. urteurrena. Erratu gabe esan dezaket nire bizitzan gehien entzun dudan diskoa dela, abesti guztiak buruz dakizkidala eta oraintxe bertan etxeko sukaldeko CD aparailuan dudala.

Arrebak sartu zuen tximaluze haien biniloa etxean. Tabernan izan genuen urtetan, eta azaleko zein kontra azaleko irudiek txunditu ninduten. Xabi Bastida San Andres kaleko lurretik ateratzen, garai batean herriko gaitz guztiak bateratzen zituen kale ilun hura. Atzean, aldiz, laukotea beroki beltz handiekin. Oraindik ere umoretsu kontatzen dut Ipuruako kanpoko igerilekuetan ozen jartzen zutela behin eta berriz, eta hantxe ikasi nituela abestiak ume nintzenean. Ez omen naiz bakarra, heavy musikarekiko gertutasun handirik ez duen nire belaunaldiko hainbat jende ezagutzen dut ereserki bat baino gehiago buruz dakiena.

Azkenekoz afaria prestatzen entzun nuen, eta hantxe jardun nintzen egurrezko bi goilarekin ‘Begira’-ren hasiera airean jotzen. Disko hori entzuten ikasi genuen sistematik ihes bizi daitekeela eta Marik beti ihes egingo digula, Daviden lurrak zatitua jarraitzen duela, abesti ona bada ez duela letrarik behar, ez dakidala zer gertatuko den agertuko zaren unean, horrelako zikinkeririk barnean gordetzea ez dela komeni, ederra dela gauaren lasaitasuna, kartzeletako medikuentzat zauriak erosioak direla, eta guda baten erdian jaio ondoren berdinean gaudela. Gero etorri zen CDa, eta hark erakutsi zigun lanik badago esklabu bihurtu zarela eta Mikel Laboa eta Iker Rokandio jeinu batzuk direla,

Eta efemerideak zerbaiterako badira, aldarri eta oroitzapenerako dira. Musikariak gorriak ikusten ari dira egunotan, beraz kultura kontsumitu behar da, segurua delako, eta aretoetara gerturatu behar dugulako. Eta, ahal denean, Su Ta Gar ikustera joan behar dugula, disko berriarekin omen dabiltzalako. Bien bitartean entzun berriz Jaiotze Basatia, nekearen aurkako botika da. Izen ederra litzateke herriko kale bati jartzeko. Egileek behintzat merezi dute.