Iñaki Ugarteburu
Iñaki Ugarteburu

"Kirolaren Euskal Legea"

2019/06/10
Indarrean dagoen kirol legea 1998. urtekoa da; hogei urte luze pasatu dira onartu zenetik. Nik balorazioa egiterakoan esango nuke lege ona dela, izan dela, baina berrikusteko premia duela.

Ona izan da balio izan duelako EAEn kirola izugarri garatzeko, kirol eredu propioa izateko, eskola-kirola sustatzeko edota goi mailako kirolari askok garaipen ugari lortzeko.

Hau horrela izanda, 2019. urteko kirol sistema dezente aldatu da hogei urtetan. Kirol praktika berriak iritsi zaizkigu (parkourra, crossfita…), kirol lehiaketen panorama ere asko aldatu da (mendi-maratoiak, extrem probak, milaka lagun elkartzen dituzten saioak…), kirola sustatzeko agente berriak agertu dira (enpresak, liga profesionalak…), teknologia berriek abantaila handiak ekarri dituzte ekitaldiak edo emaitzak ikusteko edo bidaltzeko orduan, baina arazoak ere ekarri dituzte (grabazioak aldageletan…), kirol apustuak. Gizartea aldatu den bezala kirola ere aldatu da.

Legea berritu beharra dagoela diot berriz ere. Baina zein/zeintzuk izan behar dira lege berriaren erronka nagusiak? Nik batzuk botako ditut:

• Kirolaren edo jarduera fisikoaren unibertsalizazioarekin jarraitu. Herritar guztiok izan behar dugu aukera, salbuespenik gabe, oinarrizko jarduera fisikoak praktikatzeko (ibili, igerian egin, gimnasia egin…).

• Lehenengo helburu horri aurre egiteko, oso lagungarria izango litzateke Euskadiko kirol txartela garatzea, herri guztietako kirol instalazio publikoetan sartu ahal izateko.

• Eskola kirola indartzeko, Hezkuntza Saila inplikatzea eta protagonista bihurtzea, EAE osoan kalitatezko eskaintza izateko, haur eta gazteek kirolaz gozatu dezaten.

• Osasun Sailak erabateko apustua egitea jarduera fisikoaren eta kirolaren alde, osasun eta kirol eragileen arteko etengabeko elkarlana bermatuz.

Beste hainbat ere aipatu daitezke, baina horiek dira nire ustez lehentasunak.