Mikel Solas
Mikel Solas

"Modak ez du atsedenik hartzen"

2016/07/22
Orain dela aste batzuk Goi mailako Joskintza Astea ospatu da Parisen. Bertan modako etxerik onenek euren kolekzioak erakusten dituzte.
Chanelek, esaterako, desfilea aurkeztu zuen Rue Camboneko atelierra bihurtutako Gran Palais-en. Bertan,  “les petites mains” delakoek denbora errealean lan egiten zuten modeloak josteko maikina, maniki eta patronaje-mahaien artean desfilatzen zuten bitartean. Desfilea amaitzerakoan, ohikoa den bezala, Karl Lagerfeld “kaiserra” irten zen eta oriangoan lau jostunekin desfilatu zuen, modu honetan emakume hauei garrantzia emanez eta berak diseinatutako jantzien atzean dagoen lana aitortuz.
Karl Lagerfeldek zuzentzen duen beste marka bat Fendi da, eta hau Erromako Fontana di Trevin aurkeztu zuen. Modeloek ur gainean jarritako pasarela batean desfilatu zuten. Modu honetan markaren sorreraren 90. urteurrena ospatu zen. Hango soinekoek fantasiazko ipuinak, gazteluak eta maitagarriak ekartzen zituzten gogora.
Azkenik, Valentinok eskuz egindako enkaje eta bordadoekin egindako soinekoak aurkeztu zituen Pier Paolo Piccioli eta Maria Grazia Chiuria zuzendari kreatiboen eskutik. Kolekzio honen bitartez ageriko sekretua zena aditzera eman zen: Maria Graziak agur esan dio Valentinori eta Dior maison mitikora dihoa zuzendari kreatibo bezala.
Modak ez du atsedenik hartzen eta edozein momentutan 180 graduko bira eman dezake.