Asier Ezenarro
Asier Ezenarro

Mundu berri bat

2024/04/08

Modernitateak, 1492an jaio zen mundu-sistemak, ezaugarri nagusi bat izan zuen: Mendebaldea nagusitu zen militarki Amerikako, Asiako eta Afrikako herrien aurka. Kolonialismoak herrialde osoak desegin zituen, eta gure gurasoek ondo gogoratzen dute eskoletan dirua jasotzen zela “txinitoen alde”.

Denok ikusi dugu “55 días en Pekin” pelikula nazkagarri hori -nire lagun baten esanetan-. Hantxe ikusten da nola boxerrak inperialisten aurka altxatzen diren; noski, boxerrak ziren pelikulako gaiztoak, eta europarrak eta amerikanoak, onak. Boxerrak Txinako autoestimu nazionala zuten txinatarrak ziren; horregatik zuzendu zuten altxamendua, hori da benetako errealitatea.

Txinatarrek badakite, bai, nola jokatu zuten beraiekin mendebaldeko potentziek; eta badakite, baita, Britainia Haundiko erregina, Victoria, XIX. mendean munduko droga salerosketaren buruzagia izan zela ere, eta zelako mina egin zion opioak Txinako gizarteari.

Txinatarrek 1840tik 1949. urtera doan mendeari “irainaren mendea” deitzen diote, baina hori amaitu da betirako. Txina potentzia bat izan zen mendeetan (eta Indiak, britainarrak heldu baino lehen, munduko komertzioaren %25 menperatzen zuen). Gero gau handia heldu zen, eta zapalkuntza, mendebaldearen azpian.

Baina asko aldatu dira gauzak. Bigarren Mundu Gerra aukera bat bihurtu zen Asiako herri askorentzat. Eta mugimendu antikolonialistek indarra hartu zuten.

Orain dela 25 urte galdetu zioten ekonomilari ospetsu bati nola ikusten zuen munduaren etorkizuna ekonomiaren aldetik, eta honakoa erantzun zuen: “Estatu Batuak laborategia, Txina lantegia eta Europa geriatrikoa”. Baina aro hori ere gainditzen dihardugu. Txinak bere berezko teknologia du, eta militarki gero eta sendoagoa da. Bertako ikasleek europarrak baino maila handiagoa lortzen dute, eta beraiek ari dira eraikitzen munduko hiri berrienak.

Txina, India, Iran, Indonesia... Mundu Berri bat jaio da. Danbor inperial zaharrek aspaldi amaitu dute historiako zabortegian.