"Terrorismoa, gezurrak eta telebista"
Manu Marlaska La Sextan lan egiten duen kazetariak azpimarratu zuen jubilatu horren etxean Pasionaria eta Che Guevara-ren horma-irudiak aurkitu zituztela (hori delitu bat izango balitz bezala) eta gizon horrek “en su delirio procomunista y prosoviético” Sobietar Batasunaren aldeko propaganda zuela bere etxean. Gainera, artikulu batean esan zuen Algeciraseko marokoarraren jarrera eta jubilatuarena oso “antzerakoak” direla. Eta nik bi kasu horien artean ez dut inolako antzik ikusten. Ez dut arrazoitzen jubilatuaren ekintza, baina Marlaska kazetariari galdera bat egingo nioke: Ez dakizu Espainia gerra batean sartuta dagoela? Zer da ba tankeak eta armak bidaltzea?
Oso ezaguna den beste tertuliano batek ere bere iritzia eman du Algeciraseko krimena komentatzen. Iker Jimenezek gidatzen duen “Cuarto Milenio” saioan, Jose Cabrera (“Doctor Cabrera”) munduan dagoen terrorismo erlijioso bakarra islamikoa dela esan zuen. Eta hori ez da egia. Indian ehundaka lagun (gehienak musulmanak) hil dira fundamentalismo hinduarren ondorioz. Palestinan judutar fundamentalismoak biolentzia arrazistaz ekiten dio arabiarren aurka. Eta, Ipar Amerikan, AEBetan terrorismo ebanjelikoa oso indartsua izan da azken hamarkadetan.
Nahaste borrastea egitea eta guztia zaku berean sartzea bide onena da ezer ez ulertzeko. Hori egiten dute telebisteetan agertzen diren kazetari askok. Agian ona izango litzateke irakurketa gehiago izatea eskura eta polizien artean gutxiago ibiltzea.