Parthenope
Orain dela gutxi "Parthenope" ikusteko aukera izan nuen, Paolo Sorrentino zuzendariaren azken lana. Egia esanda, berandu iritsi naiz egile horren ekintzara. Bere garaian, gazteanintzenean, asko gozatu nuen Bertolucci, Visconti edo Pontecorvoren italiar zinemarekin.
Zoritxarrez, telebistan ikusi nituen beraien filmak, hori astakeria izan arren. Baina aldi honetan pantaila haundira hurbildu naiz, eta hurrengo egunetan lagun eta ezagun askori gomendatu nien Sorrentinoren lan bikaina. Celeste Dalla Portaren edertasun liluragarriak txundituta uzten zaitu.
Lehenengo ordu erdian Dolce Gabbanaren iragarki baten aurrean zaudela dirudi, baina ondoren ohartzen zara ez zaudela moda ibiltoki bat ikusten. Oroimina, gaztetako maitasunak, intzestu harremana, edertasuna eta zatarkeria, Napoliko jende aberatsaren xarma eta hiri bazterraren txirotasuna eta zatarkeria, hori dena erakusten du Sorrentino maisuak.
Celeste Dalla Portaren aurpegiak zinema-pantaila betetzen du. Batzuetan Greziako mitologiatik atera den sirena bat dirudi, gizon guztiak liluratzen dituena, baina bera Antropologiako ikasle (eta irakasle) bikaina da, gizon bereziekin gustora sentitzen dena.
Pertsonaia bereziak aurkezten dizkigu zuzendari italiarrak: eroriak, dekadenteak, Napoliko mafia... Baina, nire ustez, pelikularen mamia denborarena da: zein bizkor pasatzen den denbora, eta heldutasunera iritsitakoan sortzen diren galderak. Ondo aprobetxatu ditut nire aukerak? Ingelesek badute esaera bat: "Bizitzan lehenengo berrogei urteak idatzia ematen dute, eta hurrengo berrogeiak iruzkina".
Parthenope olerki bat da zentzumenendako, baina horren alboan Sorrentinok nazkagarritasuna eta mina jarri ditu, eta harrituta uzten gaitu. Stefania Sandrellik (Parthenope zaharra) bere bizitza zer izan den ikusten du Napoliko Golkoari begira, eta niri Bergaminen olerki bat etorri zitzaidan burura: "Volver no es volver atrás. Yo no vuelvo atrás de nada". Egia?
Hemendik aurrera adi egongo naiz italiar horrek lan berri bat aurkezten duen bakoitzean, kalitatezko zinema eskaintzen baitu originaltasun falta hainbestekoa denean.