Imanol Magro
Imanol Magro

"Sakatu bat…"

2020/11/22
Telefonoa da tranpa berria, edo hesia. Nonbaitera deitu, izan erakunde publiko, banketxe edo enpresa eta erantzungailu batek hartzea. “Makinak”, diote nire inguruan azken aldian esperientzia txarrak izan dituztenek, eta ez dira gutxi. Deitu eta kodigo zein erantzungailu sare batean galtzea, arazoa konpondu ezinda. “Sakatu bat zerbaiterako, bi beste horretarako…”, dio ahots metalikoak. Hogei minutu telefonotik eskegita, faktura goraka eta ezin inorekin hitz egin. Galduta zabiltzala ulertuko duen norbaiten bila. “Pertsona batekin hitz egin nahi dut” alferrikako oihua ulertuko duen norbaiten bila.

Teknologiaren apologetek diote hobe dela horrela, erabiltzera ohitzen zarenean sistema eraginkorragoa dela, supermerkatu edo banketxeetako autokobro makinetan bezala, eta makinek ez dutela ordutegirik. Etorkizuna da, aizu. Aurkakoek, aldiz, arrazoi ekonomikoak ikusten dituzte atzean: beti izango da persona baten soldata ordaintzea baino merkeagoa. Eta hori, nik behintzat, telefonista aberatsik ez dudala ezagutu kontuan hartuta. Hauekin ados antzean nago ni, baina beste arrazoi bat gehituko nioke: enpatiaren ukazioa.

Errobota telefonoa jartzen duenak ez du nahi langile batek telefonoan beste aldean dagoen pertsona ulertzerik, eta hari laguntzeagatik ahalegin handiagoa egiterik. Zeinek ez lioke lagunduko etsiak jota dagoen adineko persona bati? Sare sozialekin antzekoa da, mezua bidali eta erantzun prefabrikatu inpertsonala bueltan: “Dagokion sailari bideratuko zaio zure kexa/eskaera”. Kitto. Makinekin gainera amore ematea errazagoa da, frustrazioa pilatu egiten delako. Zertarako saiatu hurrengoan? Eta irentsi. Eta horrelako gauzak kexatu gabe onartzeagatik, besteak beste, bihurtzen gara bakarti eta isolatuago. Edo beste modu batera esanda, ergel eta gurekoiago.