Iñaki Elortza
Iñaki Elortza

"Super-ulermena"

2018/04/06
Harrigarria da gizakiok nahi duguna entzuteko, ulertzeko eta interesatzen zaizkigun ondorioak ateratzeko dugun gaitasuna. Zergatik diodan hau? Hona hemen tesi hau azaltzen duen istorioa.
Orain dela pare bat aste gertatu zen pasadizoa. Lagun batekin nengoen taberna batean, biok sekulako hanburgesatzarra afaltzen, kaña izugarri handi horietakoa edaten genuen bitartean. Behin bapo-bapo jarri ginenean kafetxo bat eskatu genuen. Eta hemen iritsi zen gaueko momentua, nik ebakia, sakarinarekin, eskatu bainuen! Eta, nola ez, hor etorri zen eztabaida.
Lagunak: Sakarina hartzen duzu? Nire aita diabetikoa da, baina sakarina utzi du eta azukrera bueltatu da, lehen baino gutxiago botatzen du bai, baina azukrea. Sakarina hain kaltegarria dela entzuten da... minbizia eragin dezakeela, patatin, patatan... Gainera bere burua zaintzea komeni zaio, bi pakete Ducados erretzen ditu egunero... Niri, beti bezala, lepoko zaina handitu egin zitzaidan eta nire erretorikarekin hasi nintzen. Hemen nire azalpen sutsuen nondik norakoa:
Nik: Zuk ikusten al dituzu albistegiak? eta ez zenuen orain dela urte eta piku entzun OMS-ek (OME euskaraz) haragi prozesatu eta gorriak, hanburgesak barne, minbizia eragin dezaketen sustantzien “1 taldean” sartu zituela? Talde honetan beste 117 sustantzian daude, alkohola eta tabakoa barne. Eta sakarina ez dago talde horretan! Gainera azukrearen kontsumoa ahalik eta gehien murriztea ere gomendatzen du OMS-ek!
Bikaina nire lagunaren erantzuna: Gin Tonik bat erdibana?... kar kar kar!