Malen Illarramendi
Malen Illarramendi

"Tatuajeak"

2019/04/08
Gauza jakina da ADNak definitzen gaituela. Nork berea eta bakarra du. Ez dago nahasteko aukerarik. Kode honek adierazten duenak mugatzen gaitu. Horixe gara; horixe da gure zigilua. Badirudi, ordea, azken aldian, gazteak -eta ez hain gazte- beste mota bateko kodea, propioa, dugula gustoko. Tatuajeez ari naiz, eta ez bakarraz, ADNaren kasuan bezala; aitzitik, zaila da bakarra duena topatzea; izan ere, esango nuke mendekotasuna sortzen dutela azaleko marrazki, ikur, esaldi, argazki edo dena delako horiek. Batekin hasi eta azal zati garbirik ez izaterainoko adikzioa. Edertu egiten gaituzte, gaztetu, nolabait. Baina, zer gertatuko da zahartzen garenean? Azala orain bezain tinko eta sendo ez daukagunean? Orain marraztutako irudiek eta abarrek ez gaituzte lotsatuko urteekin? Ez dute zentzurik galduko? Eta formarik? Oso hurbileko batek esaten zidan olatu bat, elurraren ikonoa, gurasoen eta ahizparen inizialak zituela tatuatuta, inoiz ez ahazteko ez etxekoak, ez elurretan pasatako une ederrak, ez surf egiten igarotakoak. Larregikoa iruditzen zait. Argazkiek, oroigarriek edo oroitzapenek betetzen zuten tokia betetzera etorri ote dira tatuajeak? Eskumuturraren barruko aldean ditudan bi izarrei begira, nire aitxitxa-amamak zirenek keinu egiten didate eta aurreko galderari erantzun.