Arrate Garitaonandia
Arrate Garitaonandia

"Trauma"

2018/07/25
Zer da trauma bat? Batzuetan, egoera traumatiko bat, traumarekin nahasten da. Eta egoeraren handitasuna edo larritasuna ere trauma kontzeptuarekin nahasi  ohi da. Shock-arekin eta uholde emozional baten ondorioz bizitako esperientziak prozesatu ezin ditzakeen burmuinarekin zerikusia daukan aspektu indibiduala da trauma. Esperientzia traumatiko eta traumaren arteko desberdintasuna laguntza ematen duen beste baten presentzia da. Hau ez bada posible eta gertatutakoa jasotzen eta laguntzen duen inor ez badago, orduan esperientzia kapsulatu egiten da eta trauma bihurtzen da. Kontrara, epaitu gabe entzun eta lagundu dezakeen baten bat baldin badago (aita, ama, irakaslea, laguna, profesionala), orduan, nahiz eta esperientzia gogorra izan, pertsonaren narratiban integratu ahal izango da eta, ondorioz, etorkizunean ondorio latzak ez izatea gerta daiteke. Hau da, esperientzia traumatiko bat.

Zer gertatzen da burmuinean? Oroitzapen traumatikoak nahaspilatuta egoten dira. Agian detaile batzuk zehaztasunarekin gogora daitezke, baina gertaeren sekuentzia eta bestelako ezinbesteko detaileak ez dira gogoratzen. Horregatik, bortxaketa izan duen biktima batek ezin du hutsunerik eta kontraesanik gabeko kontaketa egin… Aspektu hau zientifikoki ondo dokumentatuta dago, baina dirudienez oraindik ez du behar bezalako pisurik biktimaren babes legalean.
Garun-azal prefrontalak ez du funtzionatzen, sekuentziatzeko gaitasuna txikitu egiten da eta baita kausa-efektua erlazionatzeko gaitasuna ere. Ondorioz, burmuina nahaspilatu egiten da.
Prozesu hau gertakari larrietan gertatzen da (abuso sexuala, tratu txarrak…), hau da, trauma zorrotzaz eta trauma akumulatiboaz ari gara. Horretan, babesgabetasun egoerek gutxinaka burmuina kolapsatu egiten dute eta amigdala gainestimulatu.

Erreparazioa egon daiteke? Traumaren erreparaziorako, material inkonszientea bilakatu den esperientzia emozionala narratiba kognitibo eta linguistiko konsziente batekin elkartu behar da. Horretarako. beharrezkoa da kualifikatutako profesional baten laguntza modu terapeutiko batean gogoratzea. Kontuan izan, gogora ekartzea, terapeutikoa dela, eta berriro “bizitzeak” berriro traumatizatzea esan nahi duela.