Berritasunez jantzitako www.etakitto.eus eta aldizkaria aurkeztu ditugu

Berritasunez jantzitako www.etakitto.eus eta aldizkaria aurkeztu ditugu
2015/12/17 eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu ditugu www.etakitto.eus webgune berria eta bihar etxean itxura berriarekin jasoko duzuen …eta kitto! astekaria. Izan ere Olentzero egun batzuk lehenago etorri da gurera, eta kolore eta ilusioz beteriko oparia ekarri digu: www.etakitto.eus berria. Hainbat hilabeteko lanaren ostean,
webgunea itxura, eduki eta zerbitzu berriekin datorkigu. ...eta kitto! Euskara Elkarteak 1992. urtean hartu zuen izen bereko aldizkaria kaleratzeko ardura. Hasieran hamabostero, eta ondoren astero, urte mordoa daramatzagu eibartarron etxeetara iristen. Urte guzti hauetan gauzak asko aldatu dira, teknologia
berriak gure bizitzan sartu dira eta jadanik ezin dugu ordenagailu, tablet edo mugikorrik gabe bizi. Eibarko berriak euskaraz landu eta eskaintzeko zeregin horretan, interneten egoteak garrantzi handia dauka, eta aukera hori ezin dugu galdu. Horregatik, webgunea sasoi berrietara egokitu dugu: mugikor eta tabletetan erraz nabegatu ahal izango duzue eta zerbitzu eta eduki berriak eskainiko dizkizuegu.
www.etakitto.eus-ek, herriko albisteak jorratzeaz gain, Euskara Elkarteko albiste, proiektu eta zerbitzu guztien berri emango du etengabe, beti ere, erabiltzaileen parte-hartzea bultzatuz: jardueretan izena emateko aukera egongo da, iradokizunak bidali ahal izango dira, aurrekontuak eskatu, agenda kontsultatu, kexak bidali, elkarteko bazkide egin... Euskara Elkartearen webgune berri honetan gure proiektu guztien berri izango duzue; Berbetan, Bertsolaritza, Illunabarrian, Harixa emoten, Txikitto!, Transmisioari buruzko mintegia…

Berbetan programak atal berezia
Berbetan programara zuzenean sartu eta egiten dugun guztiaren berri izango duzue, baita zer egingo dugun kontsultatzeko aukera ere, eta interesatzen zaizkizuen ekintzetan izena eman ahal izango duzue. Klik bakar batean informazio gehiago lortzeko edota gurekin zuzenean harremanetan jartzeko aukera izango duzue. Sartu eta saltseatu! Webguneak hamaika aukera eskaintzen baititu!

Argazki-bildumak eta bideoak
Hauxe da webguneak eskaintzen duen nobedadeetako bat. Orain arte argazki-bildumak Facebooken jartzen genituen, eta, egia esan, jendearen artean oso harrera ona izaten zuten. Hemendik aurrera, webgunean ere ikusi ahal izango dituzue. Gainera, bideoentzako atala ere egongo da.

Iragarki laburrak, zorion-agurrak

Herriko eta euskara elkarteko albisteetaz gain, beste era bateko zerbitzuak ere eskainiko ditu webguneak, esate baterako, paperezko aldizkarian arrakasta handia daukaten “zorionagurrak” edo “iragarki laburrak” atalak ere aurkituko dituzue. Webgunetik zeuen iragarkiak edota zorion-agurrak bidali ahal izango dizkiguzue. Eta guk, zeuen mezuak jaso bezain laster, webgunean argitaratuko ditugu. Eskelendako espazioa ere aurkituko duzue.

Komunitatea
Herritar guztien bilgunea izateko nahiarekin jaio da etakitto.eus. Horregatik, Komunitatea atala sortu dugu. Bertan, herriko norbanako eta taldeek albisteak eta argazkiak argitaratzeko aukera izango duzue. Parte-hartzeko modua eta arauak webgunean azaltzen dira. Komunitatearen bitartez, beraz, herritarrek sortutako
informazioa irakurri ahal izango dugu. Beste modu batean esanda, berri-emaile bihurtuko dira.

Agenda
Eibarko udalak eta herritarrek osatzen dituzten talde edo elkarteek ekitaldi asko antolatzen dituzte urte osoan. Aldizkarian astero ateratzen dugun agenda begiratzea besterik ez dago hori horrela dela baieztatzeko. Agendak bereziko garrantzia izango du etakitto.eus-en. Gure herrian antolatutako ekitaldien berri
izango dugu modu praktiko eta arin batean. Azken batean, webguneak hamaika aukera eskainiko ditu eta modu eroso eta errazean izango duzue Eibarren gertatzen denaren berri. Eibarren bizi zaretenok, eta Eibartik kanpo zaudetenok ere, gure herriko informazioa euskeraz eskuratu ahal izatea eta zeuen beharrak asetzea da gure helburua. Beraz, ongietorri etakitto.eus-era!