Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Klub Deportiboan

Argazkilaritza Maiatzean aurkeztu dute Klub Deportiboan
2016/04/28 eta kitto!
Gaur arratsaldean aurkeztu dute Klub Deportiboan Argazkilaritza Maiatzean Deporreko argazki taldekoek, Iñaki Osoro Klubeko presidentearen, Patxi Lejardi kultura zinegotziaren eta Agustin Sagasti, Koldo Badillo eta Jose Manuel Lucena argazkilarien parte-hartzea izan duen ekitaldian. 2003an abiatutako Argazkilaritza Maiatzean hilabete osorako programazioak 14. edizioa beteko du aurten.  Argazki munduaz gozatzeko aukera eskaintzen duen Klub Deportiboko argazkilaritza taldekoek prestatutako egitarauak hainbat erakusketa hartzen ditu, "denak goi mailakoak" eta, horiekin batera, baita ikasteko tailerra eta gero eta indar handiagoa hartu duten kaleko topaketak ere.
Klik. Eta maiatzaren 2an Manuel Vilanovaren “Faces of the world” El Corte Inglésean, Eibarko Klub Deportiboko Argazkilaritza Taldekoenak El Ambigú eta Portalea tabernetan eta Argizaiola Trofeokoak Deporren. Lau erakusketa horiek zabalduko dira hilaren 31ra arte. Klik. Maiatzaren 6an Agustin Sagasti, Koldo Badillo eta Oskar Gaskonen banakako erakusketak irekiko dira Portalean, hiru horiek hilaren 29ra arte. Klik. Jose Manuel Lucenaren lanak erakusgai izango dira azken epe horretan, baina Arrate Kultur Elkarteko Topalekuan. Klik. Gipuzkoa Nazioarteko Sariaren lan onenak hilaren 6tik maiatza amaitu arte, 31ra arte, ikusi ahal izango dira Untzagako Jubilatuen Etxean. Klik. Eduardo Momeñek zortzi orduko argazkilaritza tailerra eskainiko du maiatzaren 7an Portalean, “argazkilaritza praktikatzeko hainbat proposamen” eskainiz. Klik. Hilaren 14an “argazkilaritzarekin kalean topaketak” egiteko aukera izango da, arratsaldea hartuko duten ekitaldiekin: erakusketa kolektiboa, estudio-erretratuak, kamara minutularia eta argazki artistikoak saltzeko stand-ekin. Klik. Eta izango da tarterik urteroko argazki rallya jokatzeko maiatzeko azken domekan, hilaren 29an.
Maiatza guztia argazkiz (eta ez edonolakoekin) betetzen bada ere, asteburuetan antolatzen dira ekitaldi nagusienak: horrela, hilaren 7an (zapatua) Eduardo Momeñe argazkilari eta argazkilarien maisuaren tailerrean “Argazkilaritza praktikatzeko hainbat proposamen” egingo dira. ETB-k eskaini zuen artea begiratzeko “La puerta abierta”-ren egilea izan zen eta “La visión fotográfica” argazki munduan dihardutenentzako liburu erreferentea idatzi zuen. Tailer horretan parte hartzeko izena eman daiteke deporeibar.com web orrian; plaza mugatuak daude (orain arte 65 lagunek eman dute izena) eta prezioa 20 eurokoa da. Tailerra zortzi ordukoa izango da, goiz eta arratsaldez: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hurrengo zapatuan, hilaren 14an, argazkilaritzarekin kalean topa egiteko ordua izango da: hor izango dira azken urteotako erakusketa kolektiboa aire librean, udal-arkupetan egingo diren doako estudio-erretratuak, kamara minutulari bitxia eta “argazki artistikoak” salgai egongo diren stand-a. Arratsaldeko 17:00etatik 21:00ak arte izango dira topaketok. Eta hilaren azken domekan, maiatzak 29an goizeko 08:30ean hasita, argazki rallya egingo da, Klub Deportibotik irtenda. Zuribeltzean eta digitalean egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek.

Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1 Cartel DEPOR 1
Erakusketa bereziak
Argazkilari handien lanek hartuko dute herriko erakusleiho gehienak hilabete osorako. Portalean izango dira horietako hiru: Koldo Badillok bere “irudi-basoan sartzeko gonbitea” egiten digu, Agustin Sagastik “arkitektura eta denborarekin jokatzeko parada” eskaintzen digu eta Orkar Gaskonek azken Indalezio Ojanguren argazki lehiaketan jasotako Ohorezko Sariaren zergatiak erakutsiko dizkigu. Topalekun erakutsiko ditu bere argazkiak Jose Manuel Lucena Deporreko argazki taldeko partaideak, “oraingoan formatu handian, ikuslearengan egonezina eragiteko”. Manuel Vilanova El Corte Inglésean izango da, hainbat herrialdetako pertsonaien “begiradaren bitartez euren bizitzen narratiba” transmititzeko duen indarrez baliatuta. Untzagako Jubilatuen Etxean Gipuzkoa Nazioarteko Sarian izandako lanak dastatuko ditugu: “46 herrialdetako 443 argazkilari bildu ditu Sari horrek, 4.656 argazki guztira”. Argizaiola Trofeoko irudiak Klub Deportiboan bertan ikusi ahal izango dira, zenbait lehiaketetan saritutako argazkiekin egindako bilduman. Gure herriko I. Ojangurenekin batera daude Bergara, Donostia, Irun, Legazpi, Beasain, Bilbao, Ordizia, Tolosa eta Zumaiako lehiaketetan saritutakoak. Eta Deporreko argazkilarien lanak El Ambigú eta Portalea tabernetan egongo dira. Taldeak ikaragarrizko abiadura hartu du azken urteotan, 1980. hamarkadatik hona batez ere. Gero eta argazkilari gehiago dira taldean, jende gaztea ere gehitu zaie, eta lan nekaezinean jarduten dute, euren lanak hainbat lehiaketatan aurkeztuta.
2009an eskuratutako Argazkilaritzako Sari Nazionalarekin indarberrituta, urtean zehar hilero hiru erakusketa antolatzen dituzte herrian, aldiro prestatutako beste ekitaldi askoren artean; ahaztu barik urtero jende gehiago erakartzeko antolatzen dituzten ikastaroak. Hilabetekoa aurrera eramateko, Eibarko Udalarekin batera, Ikatz, El Corte Inglés, Arrate Kultur Elkartea, El Ambigú, Portalea jatetxea eta Euskal Herriko eta Gipuzkoako Argazki Elkarteen babesa dute, "urtean zehar antolatzen ditugun erakusketentzat kartelak egiten dizkigun Aitor Divassonen lana ahaztu barik, benetan eskertzekoa da eta".