Aste honetan abiatuko den 'Business Networking International Armagin' ekimena aurkeztu dute

Aste honetan abiatuko den 'Business Networking International Armagin' ekimena aurkeztu dute
2016/05/23 18:04
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute udaletxean Business Networking International Armagin ekimena Alberto Albistegi Enplegu, Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza saileko zinegotziak, Idurre Albizu Eibarko BNI-aren (Business Network International) arduradun eta koordinatzaileak eta Jose Antonio Cano Euskadiko BNI-aren zuzendari exekutiboak. Aurkezpenean azaldu dutenez, "Business Network International (BNI) delakoa AEB-etan sortutako marketing eta erreferentzia programa bat da. Helburua enplegua eta aberastasuna sortzea da eta, horri jarraituta, mundu osoko 66 herrialdetan 2.700 taldetik gora daude martxan. 'Givers Gain' filosofia abiapuntu modura hartuta, programako kideei ideiak, kontaktuak, harreman sareak eta negoziorako erreferentziak partekatzeko aukera eskaintzen zaie, beti ere etekinak handitzeko asmoarekin".
Ekimena bereziki enpresa txiki eta ertainentzat pentsatuta dago: "Beste herri batzuetan egindakoaren bidetik, Eibarren ere herriko enpresariekin taldea sortu nahi dugu, elkarlanean eta konfidantzan oinarritutako harremanei esker kide guztien etekinak areagotzeko asmoz. Azken batean, batzuen indarrak besteentzat baliagarri bilakatuta helburu hori betetzea lortu da orain arte martxan dauden taldeetan eta, horregatik, Eibarren ere horretarako aukera zabaldu nahi izan dugu".
Horretarako luzaroan beharrean dihardute eta, besteak beste, Idurre Albizuk urtebetetik gora darama Durangon martxan dagoen taldean parte hartzen, lanerako dinamika barneratu eta gero orain gure herrian talde berri bat abiarazteko bere burua prestatzen. Bera arduratuko da Eibarko talderako kideak aukeratzeaz: "Talde guztiek martxa bera daukate: astean behin bilera egiten da, goizeko 06:30ak aldera, eta kide guztiek derrigorrez parte hartu behar izaten dute. Izan ere, horrela konpromisoa ez ezik, kideen arteko harremanak benetan sendoak izatea ere lortzen da eta bila gabiltzan helburua betetzeko garrantzitsuena hori da, hain zuzen ere".
Eibarren lehen bilera aste honetan, eguenean (hilak 26an) egingo da, 06:45ean El Corte Ingles-ean. Taldean sartzeko interesa dutenei asteroko bileraren batera joateko gonbidapena egin nahi izan diete, "taldeen dinamika benetan ezagutzeko modurik egokiena hori da eta". Uztailera arte izango da horretarako aukera, hain zuzen ere ordura arte jardungo dutelako taldeko kideak aukeratzeko beharrean. Gehienez 50 kide onartuko dituzte eta asmoa irailetik aurrera taldea beharrean hasteko moduan izatea dela aurreratu dute. Eibarren eratzear dagoen taldea Euskadin testuinguru honetan abiatuko den zortzigarrena izango da.