Astelehenean abiatuko da Kontsumo Arduratsuaren Astea

Astelehenean abiatuko da Kontsumo Arduratsuaren Astea
2016/05/06 eta kitto!
Kontsumo Arduratsuaren I. Astea garatuko da maiatzaren 9tik 14ra bitartean, Egoaizia GGKE-aren eta Aldatzen bolondres taldearen ekimenez. Eguaztena (maiatzak 11) Bidezko Merkataritzako Nazioarteko Eguna gogoratuko dela eta, orduan egingo dute ekimenaren aurkezpena, baina aurreratu dutenez "Kontsumo arduratsua martxan jarri!" goiburuarekin helburu bikoitza lortu nahi dute: "Naturarekiko errespetu eta zainketan eta justizia soziala oinarri duen kontsumo eredu alternatiboa ezagutaraztea. Eta, horrekin batera, Eibarko herritarrengan kontsumo arduratsua bultzatzea". Horretarako, bidezko merkataritza eta tokian tokiko ekoizpen ekologikoa izango dira datorren asteko protagonistak. Astelehenetik aurrera eta maiatzaren 14ra arte udaletxeko harreran erakusketak egongo dira martxan, bidezko merkataritza kontsumitzeko arrazoiak azaltzen (Bidezko Merkataritzako Estatu mailako Koordinakundea / KIDENDA) eta, horrekin batera, "Gure Lurra, Gure Etorkizuna" izenburukoa (EHNE Bizkaia/Bizilur) ere egongo da ikusgai. Eta kale-ekintzak, berriz, maiatzaren 14an egingo dira, anbulatorioko parkean: 10:30etik 14:00era bidezko merkataritzako eta tokian tokiko elikagai ekologikoen erakusketa eta salmenta; 12:00etan elikagaien dastaketa; 12:00etatik 13:00era "Hazidun bonben" tailerra egingo da, 7 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, Ekologistak Martxan-en eskutik; eta 14:00etan saskia zozketatuko dute. Hori guztia girotzen Sapali perkusioak eta Ttakun txalaparta taldeak jardungo dute.
Ekimena “Hezkuntza unibertsala, gure konpromezua Iparraldean eta Hegoaldean”, Egoaizia GGKE-k eta ALDATZEN-ek elkarlanean garatutako proiektuaren barnean txertatzen da. Proiektuak Udalaren eta Aldatze ikastetxeko Guraso Elkartearen babesa dauka. Bestalde, datorren asteko ekimena antolatzeko hainbat eragilek jardun dute elkarlanean: Kidenda, EHNE Bizkaia, "Aza Ta Porrua" Eibarko Kontsumo Ekologiko Taldea, Bizilur eta Estatu mailako Bidezko Merkataritzako Koordinakundea.