Atzegizaleei eskerrak emateko kanpaina izango da aurtengoa

Atzegizaleei eskerrak emateko kanpaina izango da aurtengoa
2016/10/14 eta kitto!
Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpaina Txolarte elkartearen lokalean. Goiburu modura #KaleAtzegizale izango du aurtengo kanpainak, "keinu txikiak eginda eta jarrera positiboa izanda, adimen desgaitasuna duten pertsonen egunerokoa errazagoa izatea posible egiten duten pertsona anonimo horiei laguntza hori aitortu eta eskertzeko asmoz". Hori dela eta, Eibarko aurkezpenera horrela jokatzen duten "atzegizale" bi gonbidatu zituzten: Yago Rodriguez eta Castor Garcia, Bossa eta Paulaner tabernetako kamareroak. Txolarteko ordezkariek azaldu zutenez, "zapatuoro 20 bat laguneko taldea batzen gara hemen eta, pixka batean jarduera ezberdinak egiten ibili eta gero, kalera joaten gara zerbait edan eta pintxoren bat jatera eta sarritan joaten gara taberna bi horietara. Batean zein bestean oso ondo hartzen gaituzte beti, oso ondo eta gustora egoten gara eta horregatik gogoratu gara Yago eta Castorrekin, kanpainaren aitzakiarekin gure esker ona adierazi nahi diegu, euren moduko jendeari esker gizarte hobea eta "atzegizaleagoa" daukagu eta".
Aurtengo kanpainako protagonistak Laura eta Ander dira: "Kartel zein bideoetan eguneroko egoera arruntetan azaltzen dira, bata ileapaindegian eta bestea kiroldegian, eta bideoan ikusten diren keinu txiki horiek desgaitasuna duten pertsonen eguneroko bizitza zenbat hobetu dezaketen erakutsi nahi dute".