Atzo aurkeztu zuten Eibarko Udalean domeka goizean izango den XLV. Valenciaga Oroitzarrea
2016/03/31
13:11
eta kitto!
Atzo iluntzean Eibarko Udalean izandako ekitaldian Valenciaga Oroitzarrearen 45. edizioaren aurkezpen ofiziala egin zuten. Proba Untzagatik abiatuko da domekan, goizeko 08:55ean, martxa neutralizatuan Azitaineraino joateko eta han 09:00etan irteera ofiziala egiteko. Hortik Debaruntz joko dute txirrindulariek, han sprint berezia jokatu eta 3. mailako Itziarko gainaren bila. Jarraian 3. mailako Meagako mendatea gaindituko du tropelak eta Zarautzetik Eibarrera abiatuko da, aurretik Deban sprint berezia jokatu eta gero. Probako 84. kilometroan Maltzagatik sartuko dira eta 11:00ak bueltan tarteko helmuga jokatuko dute Azitain gasolindegian. Behin Eibartik pasatuta, 2. mailako Karabietako gainaren bila joango dira eta, Elgetatik Elorriora abiatu ondoren, handik bueltan 3. mailako Areitio gainetik jaitsi eta oraingoan Ermutik sartuko dira berriro txirrindulariak Eibarren 12:00ak inguruan. Probak 126 kilometro beteta, tarteko helmuga izango dute jokoan Kantoi gasolindegian Elgoibarreruntz joan aurretik. Han 2. mailako San Miguel mendatea gainditu eta Barinagatik 1. mailako Ixuako gainari ekingo diote (12:30ak inguruan) eta, handik jaitsita, Armeria Eskolan kokatutako helmugaren bila joango dira. Lehenengoek 12:50ean inguruan izango dira Isasi gainean, 163 kilometroak bete ondoren.