Jorge Gomez Akarregi: “Gure jarraitzaile leialei esan nahi diet plazer handia dela pasio hau eurekin partekatzea”

Bergaran sortu zen LordWitch, baina badu kutsu eibartarra ere, Jorge Gomez Akarregi baita gitarra-jolea. Bere pasioa garatzen du horrela eta oso gaztetatik edandako doinuak azaleratzen ditu taldekideekin batera.
Jorge Gomez Akarregi: “Gure jarraitzaile leialei esan nahi diet plazer handia dela pasio hau eurekin partekatzea”
2026/06/05 12:36
Ekhi Belar Errasti

Urkiko jaietan LordWitch taldeaz gozatzeko aukera izango dugu, beste behin, Eibarren. Hainbat urte pasa dira euren azken bisita jaso genuenetik eta tarte horretan musika berria egin dute (2023an ‘El despertar’ diskoa kaleratu zuten). Euren eskutik, heavy metal doinuak entzun ahal izango ditugu gaur gauean, 22:00etatik aurrera. Bestela, plataforma digitaletan entzun ditzakezue euren diskoak.

Hainbat urte eta gero, bi kontzertu joko dituzue Eibarren. Bata Urkin, gaur; eta bestea, Untzagan, uztailaren 11n. Nola sentitzen zarete honen aurrean?

Egia esan, gogo handiarekin gaude, batez ere ni, nire herrian bi aldiz joko dudalako. Hori benetako plazera eta poza da niretzat (barreak). Bestalde, LordWitch ez da inoiz geldirik egon, beti egon gara jotzen, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Une jakin batzuetan etenaldiren bat izan dugu, abeslaria genuen momentuan adibidez, baina orain Lord David dugu abeslari lanetan. Urte hasieratik hilero eman ditugu kontzertuak. Adibidez, aurreko hilabetean Iruñean jo genuen. Eibarko bi kontzertu hauez gain, irailean Gasteizen joko dugu, Urban aretoan; Valentzian, urrian, jaialdi batean jotzeko proposamena jaso dugu eta aztertzen ari gara; abenduan beste kontzertu bat dugu Donostian; Torrelavegan ere joko dugula esan digute… Beraz, gauzatxoak ateratzen ari dira.

Nola aldatu da taldea hemendik pasa ez zareten sasoi honetan?

Ia ildo beretik jarraitzen dugu, baina musikalki aberastuago. Gero, Davidek freskotasun ukitu bat eman dio taldeari bere ahotsarekin.

‘El Despertar’ diskoa atera zenuten 2023an. Nolako harrera izan zuen?

COVIDaren garaiarekin bat zetozen eragozpen dezente izan genituen. Hala ere, ilusio eta maitasun handiz ateratako diskoa izan zen, riff indartsuagoekin. Jendeari izugarri gustatu zitzaion.

Hirugarren diskoa atera arte, bederatzi urte igaro ziren bigarren diskotik. Zergatik hainbeste denbora?

Bigarren diskoa kaleratu eta, hainbat kontzertu ematen hasi ginenean, abeslariaren irteerak ordezkoa bilatzera behartu gintuen. Hainbat abeslarirekin probatu genuen, baina bat bera ere ez zetorren bat taldearen esentziarekin.

Esan izan duzue betiko heavy bandak gustatzen zaizkizuela batez ere (Iron Maiden, Warcry, Avalanch, Red-Wine, Helloween…), baina ateratzen doazen berriei ere ez diezuela muzin egiten. Zerekin geratu zinatekete antzinako taldeetatik? Eta zerekin berrienetatik?

Niri dagokidanez, antzinakoek nire nerabezaroa gogorarazten didate, izugarri gozatu baitut talde haiekin. Berriek, ostera, freskotasuna eta orijinaltasuna ematen didate, eta intentsitate berdinarekin bizi ditut.

Zuek norantz jotzen duzue gehien?

Heavy power metal melodiko baterantz.

Nolako osasuna du gaur egun heavy metalak?

Nire ikuspuntutik baloratuagoa izan beharko litzateke, talde askok emaitza hobea izaten baitute atzerrian.

Eta zuek, hainbeste urtetan martxan egon ondoren, nola jarraitzen duzue sortzen eta jotzen jarraitzeko sugarrarekin?

Erraza da: egiten duguna biziki maite dugu, horrekin gozatzen dugu eta atzetik dugun jendeak hori ez desagertzea eragiten du.

Imajinatzen dut sugar horrekin jarraitzeko kontzertuak ezinbestekoak direla. Nola bizi dituzue normalean?

Intentsitate eta pasio handiz bizi ditugu. Gozatu egiten dugu, dena ematen dugu eta gu ikustera datorren jendea da, behetik, hori posible egiten duena.

Eta nola gustatzen zaizue publikoak bizitzea?

Gutaz gozatuz, orain arte bezala. Alde guztietatik jarraitzen gaituzte jarraitzaile leial horiei esan nahi nieke plazer handia dela pasio hau eurekin partekatzea.