Atzo hasitako errenta kanpaina ekainaren 30era izango da zabalik Gipuzkoan

Atzo hasitako errenta kanpaina ekainaren 30era izango da zabalik Gipuzkoan
2018/04/17 eta kitto!
Errenta aitorpenaren kanpaina abian da honezkero Euskal Herri osoan eta Gipuzkoako Aldundiak atzo, astelehena, ekin zion bere zergapekoekin kontuak kitatzeari. Atzo bertan hasi eta amaitu zen errenta aitorpena milaka gipuzkoarrentzat, telefono edo internet bidez dagoeneko 11.000 zergapekoek adierazi baitzuten ados zeudela aldundiak aurreko astearen amaieran igorritako aitorpenarekin. Ogasunak bidalitako 250.000 autolikidazio proposamenetik, ia hamarretik bederatzi onartzen dituzte zergapekoek. Autolikidazioak errenta aitorpenen bi heren dira, baina beste heren batek bere kabuz egin behar izaten du, aitorpen konplikatuagoak dituztelako. Azken hauei barixakuan zabalduko diete epea ordua eskatzeko, eta datorren astelehenean zabalduko dizkiete bulegoak. Aitorpena jaso eta onartu ez dutenek, berriz, apirilaren 26tik aurrera eska dezakete mekanizaturako hitzordua. Guztiek ere, ekainaren 30a izango dute azken eguna. Aurtengo berritasunen artean ZergaBidea plataforma dago, errenta aitorpena aurkezteko laguntza programa berria: euskarri berriak autolikidazio proposamena deskargatzeko aukera ematen du, baita aitorpena bertan egin eta aurkezteko ere. Azkenik, euskarari dagokionez, azken hamarkadan bikoiztu egin da euskaraz aurkezten dutenen kopurua, baina, hala ere, oraindik aitorpenen %15 bakarrik dira.