Atzo ospatu genuen San Andres eguneko argazki bilduma gure mediatekan ikusgai ipini dugu

0    Berriak, Eibar, Jaiak 
Silbia
Atzo  ospatu  genuen  San  Andres  eguneko  argazki  bilduma  gure  mediatekan  ikusgai  ipini  dugu
01 Abe
12:16

Atzorako oso eguraldi eskasa iragarrita bazegoen ere, euriak atseden hartu zuen goizaren zatirik handienean eta, horri esker, San Andres egunerako aurreikusita zegoen egitarauari jarraitzeko arazorik ez zen izan, lehen zaparrada ia jaiaren amaierarekin batera ailegatu zen eta. San Andres azokak, betiko moduan, eibartar zein kanpotar asko erakarri zituen eta aurten epaitegi parean prestatu zuten abereen erakusketak nagusi eta txikien arreta izan zuen. Jai eguna agurtu aurretik, Eibarko Udalak XXXIX. San Andres Azokako Sariak banatu zituen. Barazkietan Alejandro Arrieta eta Oier Agirrebeña eibartarrak jaso zuten saria eta, horrez gain, Eibarko Gisasola baserriari aipamena egin zioten; frutetan bakarrik bigarren saria banatu zuten eta Gabiriko Miren Agirrezalabak eraman zuen; eztirik onenak Aitor Oregik (Urretxu) eta Eugenio Elorzak (Segura) ekarritakoak izan ziren; gazten atalean Baztarrika (Gabiria) eta Aizpea (Olaberria) saritu zituzten; ogien atalean sariak Lourdes Mazorriagak (Elorrio) eta Lorea Lejardik (Markina) jaso zituzten. Horrez gain, aurkezpen onenari sariak Oier Agirrebeña eibartarrak eta Ezozi Etxeberria soraluzetarrak hartu zituzten eta Eibarko baserri onenari saria, berriz, Oier Agirrebeñak eraman zuen. Arrate Kultur Elkartearen eskutik egindako Eibarko pintxo lehiaketako sariak eta kartel irabazleenak ere orduan banatu zituzten. Eta eguerdian jokatu zen XV. San Adres Aizkolari Txapelketan, gazteen mailan, Hodei Ezpeleta eta Ioritz Gisasola ‘Zelai III.a’ nagusitu ziren, Kortxero eta Elorriagari 45 segundoko aldea atera eta gero. Eta nagusien mailan Ernesto Ezpeleta ‘Bihurri’ eta Pellejero izan ziren irabazleak, lanak 21 minutu eta 30 segundotan amaitu zituzten eta, Alex Txikonek eta Goizeder Beltzak baino 3 minutu eta erdi lehenago. SAN ANDRES EGUNEKO ARGAZKIEKIN BILDUMA EDERRA OSATU ETA GURE MEDIATEKAN IKUSGAI IPINI DUGU.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »