Aurten ere kalera, langileen eskubideen alde

Aurten ere kalera, langileen eskubideen alde
2016/04/30 22:20
eta kitto!
Urtero bezala, beste behin ere aldarrikapenak egiteko eguna izango da Maiatzaren Lehena. Sindikatuak eta beste eragileak kalera irtengo dira domekan, kapitalismotik aldentzen diren bestelako eredu ekonomikoak eskatzeko. Oro har, beharginen eskubideak eta lan baldintza duinak izango dira aldarrikapen nagusiak, moduren batean beharginak duintasunez bizi ahal izatea ziurtatzeko. Krisi ekonomikoak eta beste faktore batzuk eraginda, langileen esplotazioa, eskulan merkea, eskubide murrizketa... ohiko bilakatu dira eta, horien kontra urte osoan eta egunero borrokatu behar bada ere, Maiatzaren Lehena bereziki horretarako eguna izango da. 

LAB-en manifestazioa Eibarren

Astelehen arratsaldean Untzagan egindako agerraldian, LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenaren harira antolatu dituen ekitaldien berri eman zuen. Aurten eskualdeka egingo dira ekimenak, “Langileok Martxan, eskuBIDEAK aktiBATUZ!” goiburuari jarraituta. Azken urteotako martxan, Eibarren izango da Maiatzaren Lehenaren inguruko ekitaldi nagusia: Untzagatik manifestazioa abiatuko da, 12:00etan, eta amaieran ekitaldi sindikala egingo da. Langileen eguna herri bazkariarekin agurtuko dute.


ELA sindikatuko kideek, berriz, azken urteetan egindakoari jarraituko diote aurten ere eta Bilboko Jesusen Bihotzean elkartuko dira, 11:45ean "Gehiago balio dugu" goiburuari jarraituta manifestazioan abiatzeko. Bestalde, eta hamazazpi urte eta gero, Nafarroako hiriburuan batzeko deia egin du ELAk: Iruñean 11:30ean egin dute hitzordua, Gurutze Enparantzan.


Eta CCOO eta UGT sindikatuek elkarrekin deitu dituzte mobilizazioak Euskadiko hiru hiriburuetan: 11:30ean Bilbon (Gran Via, Arriaga plaza) eta 12:00etan, berriz, Donostian (Alderdi Ederren) eta Gasteizen (Ama Zuriaren plazan) "Negoziazio kolektiboaren alde, lana eta eskubideak" eskatzeko.