Avelina Rojas, kapelagilea: “Burura etortzen zaizkidan ideiei jarraitzen diet kapelak sortzeko”

Avelina Rojas, kapelagilea: “Burura etortzen zaizkidan ideiei jarraitzen diet kapelak sortzeko”
2018/06/08 eta kitto!
Bihar eguerdian inauguratuko du Avelina Rojas kapelagileak erakusketa, Calbeton kalean dagoen Kokojaten arkitektura estudioan. Hilabete osoan egongo da erakusketa ikusteko aukera, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Avelinak egiten dituen era guztietako kapelak ikusteaz gain, orain dela 3 urte Eibarrera etorritako madrildar honek kapelak nola egiten dituen bertatik bertara ikusteko aparteko aukera izango dugu, erakusketa martxan dagoen bitartean han beharrean egongo baita.

- Nolatan hasi zinen horrelako kapelak egiten?

Umetatik izan dut joskintzarekin lotutako gauzekiko zaletasuna. Ama joskintza ikasten hasi zenean ni ere han ibiltzen nintzen, berarekin batera josten. Ez dut horren inguruko ikasketarik egin, hau da, ez naiz ibili patroiak nola egin eta horrelako kontuak ikasten, baina neure kabuz moldatzen joan naiz eta, lanetik kanpora denbora librea izan dudan bakoitzean, betidanik ibili naiz gauzak sortzen. Oihal eta material ezberdinekin esperimentatzea gustatzen zait eta kapelak egiteko denetarik erabiltzen dut. Erakusketan dauden kapelak begiratuz gero, estilo eta era guztietakoak daudela ikus daiteke. Batzuk oso deigarriak izan arren, beste batzuk edozeinek erabiltzeko modukoak eta oso praktikoak dira.

- Modari begiratzen diozu zure kapelak egiteko ala zuk zeuk asmatzen dituzu?

Ez naiz ibiltzen beste batzuek egiten dituzten kapelak begiratzen neureak egiteko inspirazio bila. Normalean ideia bat etortzen zait burura eta horri jarraituta ekiten diot lanari. Askotan, hasierako ideia hori goitik behera aldatu eta, azkenean emaitza guztiz ezberdina izaten da, kapela egiten joan ahala moldatzen joaten naizelako. Batzuetan buruan gauza bat izan arren, emaitza ez da izaten espero zenuena, edo ez zaizu gustatzen nola gelditu den eta, dana desegin eta berriz hasten zara berria egiten…

- Zuretzat kapelak egitea afizioa ala ofizioa da?

Ez dut honetan lan egiten, zaletasunarengatik nere aisialdian ibiltzen naiz kapelak egiten. Lan ezberdinak egiten ibilitakoa naiz eta, besteak beste, orain dela urte batzuk Madrilen “concept store” modura ezagutzen diren lokal horietako bat izan nuen: denda, erakusketa aretoa, altzariak, kafetegia… dena elkarrekin. Moda eta joskintzarekin zerikusia duten kontuekin lotura estua izan dut aurretik ere eta, nahiz eta nik ez dudan modan lan egin, moda diseinatzaileekin beharrean ibili naiz, baita lurrin-egileekin ere. Nire lehen kapela lagun batek inauguratu behar zuen erakusketara joateko egin nuen eta, harrezkero, kapelak egiten gero eta gustorago nabil. Horregatik, honi denbora gehiago eskaintzeko, aukera izan dudanean lanaldia erdira murriztu dut.