Azoka, herri kirolak eta erromeria San Andres ospatzeko

Azoka, herri kirolak eta erromeria San Andres ospatzeko
2016/11/30 eta kitto!
Gaur San Andres eguna dela eta, urteroko moduan azokarekin hasiko dugu eguna goizean goizetik. 09:30etatik aurrera XXXVIII. San Andres Nekazal Azokako 74 postuak zabalik egongo dira Untzagan eta Txaltxa Zelaian. Ganadu eta beste abereen erakusketa, berriz, Ego-Gain kalean ipiniko dute. Eguerdian, berriz, Gipuzkoa Poliklinika Bikoteka Aizkolarien Txapelketa, bertsolarien eta trikitilarien emanaldia eta Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako trikitilarien kalejira hasiko dira eta 12:30ean Plazara Dantzara erromeria egingo da Untzagan, Kezka dantza taldearen eskutik eta Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin. Amaitzeko, 13:00ean banatuko dituzte San Andres Azoka, Pintxo Txapelketa eta Kartel lehiaketako sariak.

San Andres II. Argazki rallya
Bestalde, 09:00etan hasiko da San Andres II. argazki rallya, Arrate Kultur Elkarteak antolatuta. 11:00etara bitartean Topalekuan bete beharreko baldintzak banatuko dituzte eta 11:30ean luntxa eskainiko dute.