Banatu dizkiete 27. Toribio Etxebarria Sariak irabazleei

0    Berriak, Ekonomia 
Silbia
Banatu  dizkiete  27.  Toribio  Etxebarria  Sariak  irabazleei
13 Uzt
4:38

Atzo eman zituzten ezagutzera Toribio Etxebarria sarien 27. edizioko irabazleak, sariak banatzeko IK4-Teknikerren egoitzan egindako ekitaldian. Addilan-ek, fabrikazio aditiboan aritzen den industria-esparruko enpresak eta kirolariendako irtenbide bioteknologikoak eskaintzen dituen KirolDNA izenekoak jaso zuten Toribio Etxebarria saria, lehenak «Enpresa Berria» kategorian eta bigarrenak, berriz, «Enpresa Asmoak» kategorian. Sari nagusiekin batera, beste sari eta aitorpen batzuk ere banatu zituzten: “Nazioartekotzeko Babesa” saria Home (Health Operations Management Engineers), osasun arloan irtenbide logistiko integralak eskaintzera bideratuta dagoen ingeniaritza-logistiko enpresakoek jaso zuten. “Iñaki Goenaga Aitorpena” Eibarko enpresari, berriz, Carabinas Cometa eta AYA eskopeta tailerrak hartu zuten. Azaldutakoaren arabera, Armagin Elkarteak aurten 50 urte bete dituela eta, 100 urteko ibilbidea egin duten eta Eibarko armagintzan erreferentea diren bi horiei ematea erabaki du epaimahaiak. Eta “Iñaki Goenaga Aitorpena” bikaintasun ekintzaileari, berriz, orain dela bederatzi urte sortu zen Nesplora enpresari eman zioten.

Enpresa arloan garrantzitsuenetakoak diren Toribio Etxebarria sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzte, ekintzaileei egiten duten beharra aitortzeko eta, horrekin batera, ekintzailetza berritzailea eta enpresa-proiektu berriak sortzea bultzatzeko asmoz. Ekitaldian esandakoaren arabera, “sariak sortu zirenetik gaur arte enpresa-arloko 597 ideia eta proiektu baino gehixago aztertu dira. Aurreko edizioetan saria jaso duten proiektuek 37 milioi euro inguruko inbertsioa eragin dute eta 750 lanpostu baino gehiago sortu dituzte, gehienak kualifikazio handikoak”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »