Bederatzi egunetan jarraian izango dute emanaldia Ustekabe fanfarreko musikariek

0    Berriak, Kultura 
Silbia
Bederatzi  egunetan  jarraian  izango  dute  emanaldia  Ustekabe  fanfarreko  musikariek
20 Uzt
12:45

Uda betea dauka aurretik Ustekabe fanfarreak, atzo hasi eta datorren asteko eguenera bitartean 9 egunetan jarraian emanaldiak eskaintzen ibiliko dira eta. Txaranga orain dela 17 urte sortu zenetik, ez dute horrelako agenda betea izan aurretik. Aste honetan Frantziara joan dira musikariak, Mont de Marsan-en ospatzen duten La Madeleine jaia bost egunetan musikarekin girotzeko. Iaz ere han egon ziren eibartarrak eta, antolatzaileak gustora laga zituztenez, aurten berriz joateko gonbidapena egin diete. Aste osoan Frantzian ibili eta gero, domekan Eibarrera itzuliko dira, baina etxean ez dute denbora larregi emango, astelehenean Gorlizera joango dira eta. Martitzen eta eguaztenean ere hango jaietan jardungo dute eta, jarraian, Ermura joango dira, uztailaren 27an ospatuko den “Paella Eguna” musikarekin girotzera.

Atseden bariko egun hauetatik kanpora ere, musikari gazteek martxa onean hasi dute uda: Eibarren Urkiko jaietan eta Sanjuanetan ibili ziren eta herritik kanpora, berriz, Etxarri-Etcharry (Zuberoa), Elgeta, Zarautz, Zumaia, Matiena, Zestoa eta Antzuola girotu dituzte, besteak beste. Eta abuztuaren 4tik 10era Gasteizera joango dira, beste batzuetan egindakoaren bidetik Ama Zuriaren jaietan parte hartzeko. Gaur egun 18 eta 30 urte bitarteko 16 musikarik osatzen dute Ustekabe. Horietatik 11 eibartarrak dira, bi kide Elgoibarkoak dira, beste bi Zestoakoa eta gazteiztar bat ere badago.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »