Beharginen eskubideen alde borrokatzeko eguna izango da biharkoa

0    Berriak, Ekonomia 
Silbia
Beharginen eskubideen alde borrokatzeko eguna izango da biharkoa
2018, Api 30

Langileen mugimenduaren nazioarteko jaieguna da Maiatzaren Lehena. Bigarren Internazionalak 1889an Parisen aldarrikatu zuenetik Chicagoko martiriak omentzeko eta beharginen eskubideen eskabidea egiteko eguna da Langileen Nazioarteko Eguna eta, urtero egiten den moduan, aurten ere asmo horrekin mobilizazioak deitu dituzte sindikatuek.

Maiatzaren Lehenaren harira CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute eta elkarrekin deitu dituzte mobilizazioak, goiburu bakarrari jarraituta: “Irabazteko garaia”. Esaldi nagusiari laguntzen, berriz, Langileen Nazioarteko Egunean kalera aterako dituzten aldarrikapen nagusiak jaso dituzte: berdintasuna, enplegu hobea, pentsio duinak eta soldata handiagoak. Sindikatuetako ordezkariek adierazi dutenez, “aurtengo Maiatzaren Lehenean mobilizazioa eta erasorako deia zabaldu nahi dugu. Deitu ditugun manifestazioetan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu, langile klasearen eta gizartearen eskaeren komunikazio bide izaten jarraitzeko. Langileen eta gainontzeko herritarren ahotsak zabaltzen dituen bozgorailu eraginkorra izaten jarraitu nahi dugu, errealitatea aldatzeko”. CCOO eta UGT sindikatuek deitutako manifestazioak Euskadiko hiru hiriburuetan izango dira: Bilbon, 11:30ean hasiko da, Jesusen Bihotzetik abiatuta; Gasteizen, berriz, 12:00etan, Ama Zuriaren plazatik; eta Donostian 12:00etan, Alderdi Ederretik.

Maiatzaren Lehenari begira, ELAren lehentasuna pobreziaren aurkako borroka da, “baita bestearenganako beldurrari aurre egitea ere”. Hortik aukeratu duten goiburua: #pobreziarigerra!. Martitzenean Bilbon eta Iruñean egingo dituzte mobilizazioak. Bizkaiko hiriburuan 11:45ean abiatuko da manifestazioa, Jesusen Bihotzetik, eta Iruñean, 12:00etan, Gurutze Enparantzatik. Bestalde, erakundeek krisia amaitu dela esan arren, ELAk ohartarazi nahi du, “gure gizartean pobrezia, prekarietatea eta desberdintasun sozialak areagotzen ari direla. Aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Enplegua izatea ez da jada bizitza duin bat izateko bermea. Langile pobreak gero eta gehiago dira”.

LAB sindikatuko ordezkariek Maiatzaren Lehenaren harira antolatu dituzten ekitaldien berri emateko agerraldia egin zuten astelehenean Untzagan. Iaz ez bezala, aurten berriz ere eskualde mailako mobilizazioak egingo dituzte, “Lan, bizi, herri duina” aurtengo goiburuari jarraituta. Debabarrenerako deitu duten manifestazioa 12:00etan hasiko da, Untzaga plazan. Ondoren herri bazkaria egingo da 14:30ean (txartelak sindikatuaren eskualdeko egoitzetan eta hainbat tabernatan; Eibarren Buenos Aires tabernan ipini dituzte salgai) eta 17:00etarako kontzertu akustikoa antolatu dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »