Bonbek Eibar txikitu zutela 79 urte

Bonbek Eibar txikitu zutela 79 urte
2016/04/25 eta kitto!
Gaur 79 urte, 1937ko apirilaren 25ean bota zituzten lehen bonbak Eibar gainean eta hurrengo eguneko, 26ko bonbardaketa eta gero herri erabat txikituta laga zuten faxistek (ikus bideoa) . Italiako armadako "flechas negras" zazpi abioietatik 21 kiloko 100 bonba eta 50 kiloko 103 bonba bota zituzten, 1.500 metroko altueratik. Bonbek ehundaka hildako eragin zituzten. Ondoren Mola generalaren tropek Eibar hartu zuten. Gerrateak Eibar suntsitu eta erre egin zuen eta herriaren itxura goitik behera aldatu zen, gerora gure herriak izango zuen itxura erabat baldintzatuta. 1940ko urriaren 8an, "Regiones Devastadas" delakoaren Zuzendaritza Nagusiak urbanizazio-proiektua onartu zuen eta horrela hasi ziren Eibar berreraikitzeko beharrak. Besteak beste, orduan erabaki zuten Ego erreka estaltzea, eraikitzeko toki gehiago lortzeko.
Erakusketa Topalekuan
Hori guztia irudietan jasotzen duen Eibarko bonbardaketari buruzko erakusketa ikusgai dago Topalekuan barixakuaz geroztik eta maiatzaren 1era arte egun osoan egongo da zabalik, tabernatik sartuta. Erakusketan jaso dituzten Indalezio Ojanguren fondoko argazkiek zein bestelako jatorria duten irudiek Eibar bonbardaketen ondoren nola geratu zen erakusten dute. Erakusketaren harira, gainera, biharko hitzaldia antolatu dute: 19:00etatik aurrera bonbardaketen lekukotasun zuzena entzuteko aukera izango da, Julia Lanas eta Kontxa Laspiurren ahotik, Josu Ibargutxik gidatuko duen solasaladian.
bonbardaketa erakusketa (1)

bonbardaketa erakusketa (2)

bonbardaketa erakusketa (3)

bonbardaketa erakusketa (4)

bonbardaketa erakusketa