CodeSyntaxek Mendiak doako aplikazioa jarri du martxan

CodeSyntaxek Mendiak doako aplikazioa jarri du martxan
2016/09/26 eta kitto!
Mendian galtzeko arrisku bat gutxiago izango dute aurrerantzean euskal mendizaleek. Izan ere, Euskal Herriko 1.500 gailurren informazioa biltzen duen aplikazioa sortu baitu Interneteko proiektuen garapenak egiten dituen Eibarko CodeSyntax enpresak. Euskal Herriko gailur nagusietako informazioa jaso ez ezik, sare sozial gisa ere funtzionatzen duen aplikazioa Android sistema eragilearen Play Store plataforman dago eskuragai. Gailur nagusien zerrenda, fitxa, datu, argazki eta kokapenarekin batera, 1.500 mendien artean bilaketa egiterakoan iragazkiak erabili ahalko dira: gertukoenak zeintzuk diren, garaienak, haurrekin igotzeko modukoak... Udara aurretik sortu zuten euskara hutsean dagoen aplikazioa eta proba fasean egon da ordutik, aurreko astelehenean ofizialki aurkeztu zuten arte. Hilabete horietan izandako harrera "harrigarria" izan da aplikazioa garatu dutenen esanetan.