Deparkel-ekoek ateak zabalduko dituzte gaur, Parkinson Gaitzaren Munduko Egunean

Deparkel-ekoek ateak zabalduko dituzte gaur, Parkinson Gaitzaren Munduko Egunean
2018/04/11 eta kitto!
Gaur, apirilak 11, Parkinson gaitza gogoratzeko eguna da mundu mailan eta, horren aitzakiarekin, Eibarren jardunaldi berezia egingo dute Deparkel Debabarrena Parkinson Elkartekoek: Ardantza kaleko 1. zenbakian dagoen lokaleko ateak herritar guztiei zabalduko dituzte arratsaldean, 17:00etan hasi eta 19:00ak arte. Ate Irekien jardunaldia antolatuta Deparkel elkartean egiten duten beharra ezagutzera eman nahi dute eta, horretarako, gerturatzen direnei azalpenak emateko gertu egongo dira elkarteko kideak: “elkartean egiten duguna ondo azalduta ipiniko dugu eta elkarteko kideak ere han egongo gara, informazioa emateko prest. Gaixotasuna dutenak, fisioterapeuta, psikologoa, direktibako kideren bat… han egongo gara, jendeak dituen zalantzak argitzeko edo galderei erantzuteko. Arratsalde berezia izatea nahi dugu, merienda ere prestatuko dugu, etortzera animatzen direnekin batera jateko. Elkarteraino ahalik eta jende berri gehien erakartzea nahiko genuke”.