Deporreko mendizaleek urteko azken irteera egingo dute Otxandiora

Deporreko mendizaleek urteko azken irteera egingo dute Otxandiora
2017/12/12 eta kitto!
Ibilbide berezia aukeratu dute Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordekoek 2017ko irteerekin amaitzeko. Otxandioko gerra aztarnen inguruko ibilaldi zirkularra egingo dute: hasteko, pagadian gora Motxotegiren (799 metro) gailurraren bila joango dira, bertako begiratoki bikaina aprobetxatzeko. Ondoren Gaztelu edo Esnauritzagaina tontorrera helduko dira, jarraian Aiaogainera igotzeko eta, Presazelaiko pagadia gurutzatuta, berriro Otxandiora itzultzeko. Inguru guztia 1936ko Gerraren gudalekua izan zen eta Aranzadik berriki ikertu du eta, besteak beste, hainbat lubaki eta arma biltegi izan zen harrizko borda ere katalogatu ditu. Irteerak 14 kilometro ditu, 396 metroko desnibelarekin, eta, egutegiko azken txangoa izanik, ohi bezala amaieran bazkaltzeko bilduko dira, oraingoan Otxandioko Unda jatetxean.
Irteeran parte hartzeko asmoa dutenek oraindik izena eman dezakete T. Etxebarria 16ko bulegoetan, martitzen eta eguenetan (19:30etik 20:30era) edo 943-201904 telefono zenbakira deituta. Autobusa goizeko 08:00etan irtengo du Ego-Gaineko geltokitik.